Aurtengo San Pedro Jaien azken eguna heldu da. Inork nahi ez zuen osagai bat ekarri du, gainera: euria. Lehen ordutik ia etengabean erori da eta zenbait jarduera moldatzea ekarri dut. Taula Xake Taldeak aldi bereko xake lehiaketa Okendotik Askatasuna parkeko arkupeetara lekualdatu du. Nahi izan duten guztiek izan dute goizean zehar eseri eta jokatzekoa. Beste arkupe batean, udaletxe azpikoan, Extremadura Etxeko lagunek migak prestatu eta banatu dituzte, ardo zuri edo beltzarekin batera. Aldi berean, Gasteizko Virgen de Guadalupeko dantzari eta abeslariek erakustaldia egin dute plazako agertokian. Gehienek aterpean jarraitu dute saio, baina aterkipean zabalgunera irten direnak ere izan dira. Zerutik erori den urak ez ditu batere kezkatu Andatza plazako jolasetan ibili diren haur eta gaztetxoak. Izan ere, uretako jolasen txanda izan da gaur. Isla plazan ere euria ez da oztopo izan Voces del Ebro koruaren jotak entzutera joan direnentzat. Urrutitik begira hasi dira eta poliki-poliki agertokitik gero eta gertuago zeuden herritarrak. Are gehiago, une batean ateri egin duenean, pilatuta zeuden aulkiak hartu eta haietan esertzen joan dira. Hori bai, musikari kasu egiteari utzi gabe. Tximistarreta parkeko herri bazkarian izan du eragin gehien eguraldiak. Bertan behera geldituko zela pentsatzekoa litzateke, baina taldetxo batek topatu du parrila erabiltzeko modua eta bazkaritarako txokoa.