Andatza plaza gaztetxoen jolasleku bilakatu da larunbat arratsaldean. Bi orduz, 13 urtetik gorakoek zenbait jolasetan aritzeko izan dute: puzgarriak, diaboloa, bideo jokoak, futbolina... Hala ere, haur danborrada izan da ekitaldi nagusia. Dozenaka haurrek makilak astindu eta gogotsu jo dituzte barrila eta danborrak. Kale Nagusian hasi eta bukatu, ohiko ibilbidea egin dute erdiguneko kaleetan. LOZETeko erraldoiak lagun izan dituzte, hasieran eta bukaeran bina irudi jarrita, eta haur multzoen erdian musika jarri duen konpartsa joan da. Bide ertzetan, berriz, herritar ugari pilatu da. Ekimena amaitzear zirela abiatu da Mariachi Imperial taldea. Udaletxe zaharraren inguruan emanalditxoa egin eta Ama Brigitarren komenturantz joan dira jada ohiko bilakatu den geldialdia egitera. Guanajuato hirikoak dira mariatxiak eta leku bereko zenbait moja daude herriko komentuan. Eliza atarira irten dira eta aurrez aurre jarrita abestu dituzte lau abesti, horietako pare bat eskariak izan dira, gainera. Dantzan ere egin dute musikariekin batera doazen bi emakumeek, eta talde argazki batekin agurtu dira, inguruan pilatu den jendea beraiekin eramanez.