Egun bat lehenago hasi, egun bat lehenago bukatu. Akelarrea amaitzear bada ere, jai giroari eutsi diote larunbat arratsaldean ere. Bazkalosteko lehen jarduera patata tortila txapelketa izan da. Antolatzaileek emandako osagaiei beste zein gehitu (edo ez) erabaki dute partaideek, eta guztira, hamasei dastatzeko lana izan dute epaileek. Berdinketa ugari izan dira, eta lehen postua aukeratzeko ere, bitan probatu behar izan dute. Gazta zatia talde bakarrak eraman badu ere, askaritarako zer jan izan dute denek. Sabela bete eta Ankoker taldearekin kalejiran joan dira partaide edo ikusle izandako asko. Doinu alaiek gainera, beste asko batu dituzte Okendo inguruko kaleetan egindako bidean.