Entzierroak eta zezen suzkoak gaua piztu badute ere, gaurkoak protagonista bakarra izan du: musika. Parrandarako eta dantzarako gogoz zeudenek estilo askotariko soinu banda aukeratzea izan dute. Horretarako txoko aproposa aukeratu besterik ez zuten: erritmo latinoamerikarrak nahiago zituztenek, Isla plazan izan dute euren aukerako emanaldia, Azabache laukotearen eskutik. Okendo plaza euskal musikaren aterpe izan da bi eskaintza oso bestelakoekin: Neomak zazpikoatearen folk abangoardista eta Zetak taldearen pop-elektronikoa. Bi zuzeneko indartsuek plaza bete dutenen arreta eskuratzeaz gain, dantzan ere jarri dituzte zenbait unetan. Nahi beste egiteko aukera izan dute gaztetxoek Oriarte-Landaberrin, eta gaztetasunera bueltatu nahi izan dutenek Andatza plazan Hu ha jaialdian izan dute aukera. Nekatu arte astindu dute gorputza askok 1990eko hamarkadako abesti ezagunekin. Ikuskizunak, gainera, argiak, sua eta su artifizialak ere ekarri ditu.