Errekortariak, buruhandiak, pilota partidak eta askoz gehiago izan dute herritarrek ostiral arratsaldeaz gozatzeko

Txintxarri Aldizkaria 2023ko eka. 30a, 22:45

Askotariko gustu eta adinentzako jarduerak izan dira gaur arratsaldean lasarteoriatarren gozamenerako. Zezen zaleak Sasoeta ikastetxeko patioan elkartu dira, eta erraldoi eta buruhandiekin dantzan aritu dira gaztetxoak. Pilota zaleek ere erakustaldi ederrak ikusi dituzte, eta antzerkia ere izan da Sasoeta auzoan. Mikel Bermejo herritarrarekin barre ugari egin dute helduenek. 

Errekortarien erakustaldiak eman dio hasiera ostiral arratsaldeko egitarauari. 17:00etarako jendez lepo zegoen Sasoeta ikastetxeko patioa; zaletu mordoa batu da bertan, eta Euskal Herriko zenbait herritatik etorritako errekortarien erakustaldiaz gozatu dute. Trebetasuna erakutsi dute; burnizko arotxoak adarretan jartzeko ahaleginetan aritu dira hasteko, eta animaliak saihesten gero. 

Ordubete geroago abiatu dira LOZET-eko erraldoi eta buruhandiak Blas de Lezo kaletik. Zumaburu aldera hartu dute bidea, eta handik Kale Nagusian barrena, euren inguruan bildutako gaztetxo eta horien gurasoen bizkarrak astintzen aritu dira, maskurien laguntzarekin. 

Kirol zaleak, Loidibarren pilotalekuan

Bien bitartean, pilota zaleek Loidibarren pilotalekua bete dute. Bi partida jokatu dituzte; lehenengoan, Arrillaga eta Erasun, Larrarte eta Mendizabalen aurka aritu dira. Lehenak izan dira garaiile; 22-19 irabazi dute. Horien ostean, berriz, agertu dira kantxara Arteaga eta Irusta, eta Artetxe eta Garmendia. Erakustaldi ederra egin dute bi bikoteek, baina Arteaga eta Irusta izan dira txapeldunak: 22-20 gailendu dira. 

Antzerkia, gaztetxoentzat

Sasoetan, aldiz, Jaizkibel plazan Mundo Costrini kale antzerkia ikusteko parada izan dute bertan bildutakoek. Aitona-amona banarekin egin dute topo ikus-entzuleek. Bakoitza sofa batean eserita agertu dira, baina erakutsi dute, zaharrak izanagatik ere, badutela burkoarekin borrokan aritzeko indarrik, edota dantzan, gorputzak astintzekoa ere. Ederki pasa dute eurak ikustera joandakoek. 

Andatza plazan, aldiz, barre ugari entzun dira iluntzean. Hu-Ha! Remember Festa-k hartu du aipatu eremua, eta musika emanaldiari hasiera emateko, bakarrizketa saioez gozatu dute bertaratu direnek. Bi umoregile aritu dira oholtzan; Mikel Bermejo herritarra eta bere lagun Dario Mares. Elkarrekin egin dute aurkezpena, baina, ostean, bakoitzak bere saioa eskaini dire plazan bildutakoei. Ondoren, eta festari hasiera emateko, DJ Nemux-ek 90. hamarkadako musika jarri du, eta izan da gorputzak mugitzera zein abesti ezagunak kantatzera animatu denik.