Pilota zaletuek gaur bi hitzordu izango dituzte Loidibarreneko pilotalekuan. Lehena San Pedro Jaietako txapelketa izan da. Benjamin, alebin eta infantil mailako finaletaz gozatu ahal izan dute frontoira hurbildu diren herritarrek.
Benjamin mailan Xuhar Gilek eta Peru Azkaratek Etxahun Gartzia eta Unai Olazabal garaitu dituzte. Alebinetan Unax Urdangarin eta Irai Jauregi bikoteak Ekhi Iparragirre eta Lier Garmendia bikoteari gailendu zaio eta infantil mailan, Eñaut Huizi eta Oier Jauregi nagusi izan dira Lier Fernandez eta Itxaso Iparragirre bikotearen aurka.
Bikoteek euren garaikurrak jaso dituzte eta finaletako jokalari onenek ere izan dute euren trofeoa. Peru Azkarate benjaminak, Irai Jauregi alebinak eta Oier Jauregi infantilak jaso dituzte.
Sari nagusiez gain, txapelketan parte hartu duten haur guztiek izan dute euren oroigarria eta Jose Solano sari berezia ere banatu dute. Aurten Itsaso Iparragirrek eraman du.
Pilota eskolako kideek batera bazkalduko dute ikasturteari amaiera emateko. Arratsaldean, aldiz, 18:30ean, emakumezko zein gizonezko kateagoriako pilota neurketetak izango dira.
Isla plazan ere giro ederra izan da. Puzgarriak, mahai jokoak edo ur ponpak haur eta gaztetxoek aukera ezberdinak izan dituzte goiz pasa ederra egiteko.
Eguerdian, aldiz, Biyak Bat elkarteko kideek gorputza ederki mugitzen dakitela erakutsi dute. Melodia eta erritmo ezberdinetako doinuak ederki dantzatu dituzte lerroko dantzen erakustaldian.
Euriak ere ez du emanaldia geratu eta euren egitarauan aurrera egin dute arazorik gabe. Amaieran ikusleei eurekin bat egiteko gonbidapena egin diete eta Coyote Daxen No rompas más mi pobre corazón kantuaren koreografia dantzatu dute guztiek batera.