Astebururako motorrak ederki berotu dituzte lasarteoriatarrek. Afaldu eta berehala, kultur etxera joan dira zenbait, bertsolarien emanaldiaz gozatzera. Beste zenbaitek Isla plazara joatea erabaki dute, Duo Imperial taldearekin dantzatzeko; gazteenak Kale Nagusian barrena ibili dira lasterka, zezensuzkoarengandik ihesean. Gaueko hamabiek jo dutenean, 80. hamarkadako talde ezagun ugariren abestien bertsioak jo ditu The Noise Makers taldeak. Bitartean, gazteek festa ederra egin dute Oihan Vega DJarekin batera.