Kirola eta musika nagusi izan dira Sorgin Jaietako egitarauan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko eka. 29a, 21:14

Futbol txapelketa berezia eta Elektropottotteren erritmoak izan dira San Pedro eguneko arratsaldean sorginen gunean

Sorgin bazkariaren ostean, kirol saioa ederra egin dute gazte kuadrillek. Bosteko taldeetan futbol txapelketa berezia jokatu dute. Kartulinazko kono bat aurpegian jarria zutela jokatu behar izan dute. Ez da erraza izan konoaren zulotxotik baloia non zegoen asmatzea. Hala ere, golak egitea lortu eta arratsalde pasa ederra egin dute neurketa ezberdinak ikusiaz.

Kirolaren ostean, atseden hartu eta Elektropottotte taldearen emanaldirako prestatzeko tartea izan dute. Okendo plazan hasi du emanaldia elektro txarangak. Lehen doinua jo eta San Pedro Jaietan duela urte bete euren lehen emanaldia eskaini zutela azpimarratu dute. Taldeak eskerrak eman nahi izan die urte honetan zehar lagun izan dituzten elkarteei, baita Sorgin Jaiei ere eurekin gogoratzeagatik.

Lehen euri tantei aurre egin diote bigarren doinuan. Ikusleak ez dira mugitu, ordea eta taldearen erritmora dantzatu eta abestu dute. Kale Nagusira, Ilargi parera joan dira jarraian eta atzetik joan dira entzuleak ere. Bertan euria pixka bat atertu arte itxaron dute euren egitarauarekin jarraitzeko. Erritmo biziko hainbat doinu eskaini dituzte inguratu diren herritarrak eta kalea musikaz beteaz.

 

Erlazionatuak