Eguraldi iragarpenengatik, goiz eta arratsaldez, Loidibarreneko pilotalekua haur parke bilakatu da gaur. Adin ezberdinetako haur eta gazteek puzgarri eta mahai jokoez gozatu dute. Askok barraken gertutasunaz baliatu dira parketik atera eta hala nola, igelan, eltzean, ohe elastikoetan edo autotxokeetan ibiltzeko.
Okendo plazara gerturatuz gero, sardin usaina nabari izan da arratsaldea osoan zehar. Aterpea elkarteko kideek urtero bezala sardin jana antolatu dute.
Jana bakarrik ez edana ere izan da. Ttakun Kultur elkartearen eskutik Lasarte-Oria inguruko sagardo ezberdinak dastatu ahal izan dituzte herritarrek.
Eta bapo jan ostean, muxiko eta plaza dantzekin janaria jaisteko aukera ere izan da. Plaza dantza egitasmoko zein Erketz EDTko kideek eta hainbat herritarrek ederki mugitu dituzte oinak eta gorputzak doinuen erritmora.
Erritmo ederra izan dute ere gazte gunera hurbildu diren haur, gaztetxo eta gurasoek. Euskal doinuak eta nazioartekoak nahastuz, dantza saio ederra egin dute guztiek.