Gauari hasiera emateko, herri afaria izan da Okendo plazan. Oilasko erreaz gozatu ahal izan dute 90 bat herritarrek.
ATLO Danborradako kideek hartu dute plaza ostean. Omenaldia egin diete 30 urtez parte hartu duten herritarrei. Zendutako kideak ere gogora ekarri dituzte eta Agur Jaunak jo du txarangak.
Jarraian, lehenik ikusi izan ahal da Lasarte-Oriako ereserkiaren koreografia, Maider Oiartzabal Ziganda herritarrak egina. Hainbat pieza plazan jo eta herriko kaleetatik barrena itzulia eman du danborradak.
Gaua luzatzeko, herritarrek aukera ezberdin izan dituzte. Isla plazan, Puro Relajoren musika mexikarraz gozatu dute herritarrek. Oriarte Landaberriko gazte gunean, Dj Markelinek dantzan eta abesten jarri ditu hurbildu diren gazte eta ez hain gazteak.
Sorgin Jaien eskutik, euskal pop elektronikoa eta rock alternatibo doinuak nahastu dira Okendo plazan
Mirua talde tolosarraren eskutik euskal hyperpopa entzun dute lehenik txosna gunean egon diren herritarreek. Ederki dantzatu dute doinuren bat ere.
Ostean, Lukiek mungiatarrek grunge soinu gordinak, erritmo psikodelikoak, rock klasikoaren influentziak, post-punkaren soinu bitxiak edota gaur egungo traparen autotunea dituzten doinuak eskaini dituzte gaua luzatu nahi izan dutenentzat.