Poesia punkia, musika, performancea batu dituzte Eider Perez Martinez eta Ane Garcia Lopezek; Hitz Esana emanaldia eskaini diete Gaztelekuan bildu diren ikus-entzuleei.
Gai sozialak ekarri ditu bikoteak taulagainera, eta ikuskizunaren hasieran azaldu duten moduan, horien norbanakotik kolektibo bihurtzeko asmoz plazaratu dituzte. Hainbat izan dira lanaren bitartez jorratu dituzten gaiak; horien artean, etxebizitzarena.
Sexu Askapenaren manifestazioa
Hilaren 28aren (Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna) harira eta Lasarte-Oriako Transmaribollo Kolektiboak antolatuta, aldiz, Sexu Askapenaren manifestazioa egin dute gero. Ehunka lasarteoriatarren bat egin dute deialdiarekin, eta guztiek elkarrekin, LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideak aldarrikatu dituzte herriko kaleetan barrena.
Okendo plazatik abiatu da mobilizazioa. Musika bozgorailuetatik aireratzen zuen autoak gidatuta abiatu dira Kale Nagusian barrena. Herritar askok eskuetan kolektiboaren erakusle diren askotariko banderak eta pankarta aldarrikatzaileak eraman dituzte, eta oihu ere ozen egin dute.
Hiru geldialdi egin dituzte ibilbidean zehar, eta testu bana irakurri dute horietako bakoitzean. Arkupe taberna pareko biribilgunean izan da lehena, eta Oihan-ek irakurri du; transexualitateaz mintzatu da. Bigarrena, berriz, Ilargi taberna parean irakurri du Elenitak; Aitzel Iriondok Lannemezango espetxetik bidalitako testu bat izan du ahotan. Hirugarren eta azken geldialdia, berriz, Geltoki kalean egin dute, Inxtausti taberna inguruan. Nahia eta Ainhoak hartu dute mikrofonoa, eta desiraren gaineko idatzi bat irakurri dute.
Okendo plazan eman diote amaiera deialdiari. Ibilbide guztia gidatu duen pankarta eutsiz taldetxo bat igo da oholtza gainera, eta Mikel eta Maitek adierazpena irakurri diete oholtza azpian bildu diren gainerako lasarteoriatarrei.