Goizeko lehen ordutik nabari da gaurkoa egun berezia dela. Kaleak kolorez betetzen hasi diren blusak, egunotan paisaiaren parte izango diren jolasak, postuak eta saltzaileak, ekitaldietarako prestaketan ari ziren langileak... Kiroldegiko uretako jolasetan xahutu dituzte zenbait haurrek suziria piztu aurreko azken minutuak, beste askok, Elizatze inguruan itxaron dute festen lehertzea. Gogotsu oihu eta txalo egin diote omenduari "Lasarte-Oria munduko herri hoberena" dela esan duenean, arrazoia duela berretsiz. Konfeti eta globo zaparradaren ondoren, Patxintxi saria jaso duten Milagros Etxanizi eta Sebastian Kerejetari ere eman diete berotasuna, eta Bea Egizabali eragin dituen barreak. Buruhandien aurrean lasterka edo txarangen musikari jarraituz, bakoitzak aukeratu du bere norabidea. Plazara joan direnek, ¡Dale Ramón! antzezlanarekin gozatu dute. Modu batera edo bestera hori baita datozen bost egunetako zeregin nagusia.