Sentitu, pentsatu eta ekiteko egunak dituzte aurretik sorginek

Txintxarri Aldizkaria 2023ko eka. 27a, 22:09

Jaitsi dira kuadrilla gazteak erdigunera, elkartu dira Okendo plazan Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin, aurtengo omenduekin, jaurti dute eurek txupina berezi bat zerura, egin du eztanda, eta hasi dira Sorgin Jaiak. Gaurtik larunbatera bitartean akelarre erraldoi batean dantza egingo dute, sorgin gunera bertaratzen diren herritar guztiekin batera.

Ihitten elkarteak estreinatu berri duen Lasarte-Oria: istorio zumez egina dokumentalak gogoetarako gai eta tarte asko eman dizkigu (oraindik ikusteko aukera izan ez duena ez dadila larritu, uztailaren 20an proiektatuko baitute ikus-entzunezkoa, udako zinema zikloaren barruan, Okendo plazan, 22:00etan). Aritu dira, adibidez, Lasarte-Oriaren identitateaz, gure herriaren nortasunaz. Ez da definitzen erraza nolakoak garen; beharbada, komunitate horren anitz bat esaldi bat edo biko definizio batera mugatzea ere ez da aski, ez da aproposa. Kazetari honen uste apalean, ameslariz betetako udalerri bat da hau. Horren erakusgarri, Okendo plazan elkartu diren sorgin mordoa, pijamak jantzita, esna eta koloretan amesteko prest. 

18:30ak pasata abiatu dira kuadrillak kalejiran, Isla plazatik Kale Nagusira. Bidean, hiruzpalau tabernatan egin dute geldialdia. 20:00etarako lepo zegoen Okendo, aurtengo omenduei merezitako aitortza egiteko prest: Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek bota dute suziri berezia zerura, eta marrubizko muxubesarkadak lurrera. 35 urte daramatzate herri honetako eta Euskal Herri osoko belaunaldiak euskalduntzen eta balio hezitzaileak erakusten.  "Urte horietan guztietan zehar Lasarte-Oriako euskalgintza, herrigintza eta irrigintzaren ikur zein eredu izan zarete. Haur ginenetik gazte bihurtzeraino gure buru, bihotz eta eskuak martxan jartzeagatik, eskerrik asko", azpimarratu dute Sorgin Jaiak-eko kideek.

Ondoren, pailazoek hartu dute hitza, omenaldia eskertzeko:

Antolatzaileen nahiz omenduen hitz hunkigarrien ostean, pailazoek zenbait kanta abestu eta dantzatu zituzten Okendora joandako sorginekin, hil berri den Imanol Lizardiren omenez.

Erlazionatuak