unk rock estilokoak; zenbait talde ezagunen bertsioak. "Negu Gorriak, Eskorbuto, La Polla Records, Barricada, Platero y Tú, Los Suaves... Trumoi taberna eramaten nuenean jartzen genuen musikan oinarrituta dago gure errepertorioa", azaldu du The Noise Makersen abeslariak. Gogoratu du pandemiaren aurretik hitz egin zuela talde bat eratzeari buruz herritar batzuekin (Julian Toquero, Mikel Retegi eta Kiko Ramone), taberna horren 10. urteurrenean, baina COVID-19aren eraginez ezin izan zutela une horretan martxan jarri.
Morari, hala ere, ideia ez zitzaion burutik joan, eta pandemiak eragindako egoerak ahalbidetu zuenean martxan jarri zuen berriz ere talde bat eratzearena. Konpromiso eta egoera batzuk tarteko, aldatu egin behar izan zituzten taldekide gehienak, eta artikuluaren hasieran aipatutako boskotea osatu. "Gustatzen zaigun musika jotzea eta ongi pasatzea dira gure helburu nagusiak; erromeria punk bat garela esan dezakegu", azpimarratu du Morak. Norberaren bizitza pertsonal eta profesionalak tarteko, "nahi baino gutxiagotan" elkartzen dira entseatzeko eta zuzeneko kontzertuak emateko, baina aukera dutenean dena ematen dute oholtza gainean.
The Noise Makers (izena Julianek proposatu zien gainerako taldekideei, beste batzuekin batera, eta hori aukeratu zuten) eratu osteko lehen emanaldia Jalgi kafe antzokian egin zuten, Trumoi tabernaren omenez antolatutako Tximista Egunean, iazko apirilaren 30ean. Geroztik, beste hainbat egin dituzte. Horietatik ugari, herrian bertan: Avenida taberna-jatetxean, iazko sanpedroetan, Euskararen 10. Maratoialdian, Dinbi Banda batukada taldearen 10. urteurrenean, eta abar. Inguruko herrietan (Andoainen, esate baterako) jo dute eta urrutiago ere bai: joan den urteko abuztuan, adibidez, Gaztela eta Leongo Baltanas herrian izan ziren.
Lehen aipatutakoagatik, larri ibiltzen direlako askotan elkartzeko, entseatzen eta zuzenekoak ematen segiko dute. "Disko bat egiteari buruz hitz egin izan dugu, baina zail ikusten dugu uneotan, denbora asko eskatzen duelako horrek".
Belaunaldi berriak
Morak urteak daramatza musika munduan sartuta, makina bat taldetan jo du edo jotzen jarraitzen du. "Adinean gora goaz eta gure kontzertuetara 40 urtekoak eta gehiagokoak etortzen dira gehienbat, ea festetakora gazteak ere animatzen diren. Pena ematen dit horrek, gaur egun industriek eta hedabideek beste musika estilo batzuk sustatzen dituzte guk jotzen ditugunak alboratuta, eta herrian ere gero eta talde gutxiago ditugu". Zentzu horretan, ilusio izugarria egin zien (batez ere aitari, Juliani, jakina) Oier Toquero taldekide izatera animatu izana. "14-15 urte zituenean batu zen taldera, bere lagunekin instrumentuak jotzen hasi zenean". Gazteena bera izanagatik, taldeko kide mugituena aita da, Julian. "Bera da tira egiten duena, aktiboena, logoa diseinatu zuena [burezur bat, goialdean tximista batek jotzen duena], entseatzeko egunak proposatzen dituena... Batzuetan lasaitu egin behar izaten dugu!".