Udalak Vallesek urte luzez egindako lanari egin dio azpimarra: "Urteetan idatzi du gure herriko kronika. Lasarte-Orian egin diren jarduera, ekimen eta egitasmo guztiak eraman ditu herritarron etxeetara", nabarmendu du Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Lourdes Acevedok. Baina osatu duen Lasarte-Oriaren argazkitegi historikoan jarri du fokua. 1983. urtean hasi zen Valles Diario Vasco komunikabidean Lasarte-Oriako korrespontsal gisa lanean, eta ordutik gaurdainoko argazkiekin osatu du aipatu artxiboa. Udal ordezkariak azaldu du, "oso garrantzitsua" dela egin duen lan hori guztia, eta esan, erakundeak berak ere "behin baino gehiagotan" jotzen duela Vallesengana irudiren bat edo beste eske. Gaineratu du Lasarte-Oriaren eta bertako herritarren alde "lan sakrifikatua" egin duela.
Sanpedroak iragarriko dituen afixa irabazlea ere jakinarazi du hitzordu berean Jaietako arduradun Txus Alonsok. Kontatu du guztira 67 lan jaso dituela Lasarte-Oriako Udalak aurtengo afixa lehiaketan, baina Berdintasun Sailak hala erabakita, horietatik lau bazter utzi dituzte. Horrela, gainerako 63en artean hartu behar izan dute erabakia bai herritarrek, eta baita epaile profesionalek ere. Kasu honetan, udal ordezkariak esan duenez, bat etorri dira lasarteoriatarren eta epaile profesionalen iritziak; bi alderdien bozka gehien kartel berak jaso baititu.
Hirugarren zenbakidun afixa izan da garailea, eta Cristobal Aguiló Dominguez murtziarra da horren egilea. Lan koloretsua aurkeztu du, eta bertan ikus daitezke sanpedroetako zenbait elementu: Sorgin Dantzako dantzariak, erraldoi eta buruhandia, danborradako kideak, txupinaren jaurtiketa, eta abar.
Irabazleak 600 euro poltsikoratuko ditu, eta bere irudi garailea izango da festen egitarauaren azala.