Hepa! Gaur ere presaka?

Julen Basterra 2023ko urt. 20a, 07:38

Zenbat aldiz ez dugun erabaki txar bat hartu presaka gabiltzanean... Zirt edo zart egin behar horretan zartako galantak hartutakoak gara. Bidelagun zorrotza baita presa jauna, edota anderea, erabakiak nahi baititu, asko, onak eta ja! Ai, ai, ai... Bakoitzak baldin badu erritmo bat, erritmo bat berea, nolatan nahi dugu izatea azkarra eta uniformea? Gainera, noiz da nahikoa gure ekintzen segida luzea? 

Autopistatik ibiltzen naizenean auto-gidari guztiak, ni bezala, abiadura beretsuan doazela ikusten ditut: bai, nahiko azkar. Lanetik etxera ordutegi berdinean bat egiten dugunontzat eta produkzioaren erritmo bizkorrean gabiltzanontzat idazten ditut bereziki gaurko hitz eta gogoetak, haien aurpegietan isladatua ikusi baitut neure burua azken bi hilabeteotan. Izan ere, zein zaila den etxera iritsi eta txip aldaketa hau egitea: mentalki erritmoa jaitsi eta lasaiago joatea. Patxadaz aritzearen jarrera praktikara eramatea erronka dela jakitun, teoriaz jardungo naiz, ea lasai nagoen honetan gakoren bat helarazteko gai naizen. Eta ea zuek ere gaurkoan presarik gabe irakurtzeko gai zareten.

“Prisa mata” esaten dute Maroko aldean eta egia da. Baina, “hambre también” erantzuten dugu hozkailua beteta edukitzea gustatzen zaigunoi. Badirudi mamu bat dagoela, ikusezina den munstro bat gure jarduteko forma estrainio honetan. Gosearen mamua da? Pobreziarena? Autoestimuaren mamua? Betebeharrena? Eta ez denean hil ala biziko kontu bat zer arraioagatik dugu orduan presa? Azken hau nahi nuke azpimarratu: guztiz barneratua dagoen diskurtso mental batek eramaten gaituela egunero presarekin jokatzera. Diskurtso hori azaleratzea norberaren kontua da, behaketa pertsonal baten bidetik etortzen den saria. Nik ez dizuet zehazki hitzez zer gertatzen den esango, ezin baitut, baina, nire kasuan zer ikusi dudan konpartituko dizuet.
Nire presaren erroa esaldi honekin laburbildu dezaket: “Ez dut nahikoa balio”. Sinesmen indartsu bat da, esaldi labur batean asko esaten duena. Autoestimuarekin lotua dago, autoestimuaren mamuarekin. Ez naizenez gai orain naizena eta dudana balioan jartzeko, ekintzen bidez orekatzen dut nire balioa. Ekintzak ez dira inoiz nahikoa izango, ekintza burutu bezain laster beste bat egin beharrean aurkitzen bainaiz baliotsua naizela sentitzeko, eta noski, pentsamolde honek presa jaunari luzatzen dio gonbitea.  

Bada antidotorik ordea pentsaera honi aurre egiteko. Hauxe esaten diot nik presaren mamu honi: “Edozein ekintza burutu baino lehen, bada iada mundua bizileku perfektu bat. Hortaz, ni neu, munduaren parte naizen hori, ezer ez egiten dudanean ere, perfektua naiz”. Baliotsua naiz, osoa naizelako, izatez. Aitortzen dizuet honek asko lasaitzen nauela, bakea ematen didan egia bat iruditzen zaidalako.

Hala ere, lehen dosia nahikoa ez baldin bada, badut bigarren dosi bat eskura: “Bihotzaren Bidean jardunean aritzen denak ez du inoiz presarik erakusten”. Izan ere, gauzak bihotzez eta patxadaz egiten direnean sentitzen den plazerra guztiz desiragarria den helburu bitala iruditzen zait. Egia da testuinguruak testuinguru beti Bihotzaren Bidean jardutea oso zaila dela, baina, norabideak norabide, autopistatik ateratzen eta gauzak beste modu batera egiten hasi behar naizela sentitzen dut... Arazoa ez delako asko edo gutxi egin, egin ala ez egin, baizik eta bizirik sentiarazten gaituen horri presarik gabe heltzea.

Erlazionatuak