Aitor Anabitarte eta Txema Valles sarituko ditu Ostadar SKTk denboraldi amaierako festan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mai. 31a, 11:40

Ostadar SKTk larunbatean egingo du denboraldi amaierako festa, Michelingo pilotalekuan, 11:00etatik aurrera. Egitarauaren berri emateaz gain, iragarri du nortzuk jasoko dituzten Kirolari Onena eta Auzolan sariak: Aitor Anabitarte saskibaloi jokalariak eta Txema Valles kazetariak, hurrenez hurren.

Hauxe izango da larunbateko egitaraua:

  • 11:00etan, Ostadarren sail guztien talde argazki erraldoia.
  • 12:30ean, sari banaketa: Kirolari Onenaren saria Aitor Anabitarterentzat, eta Auzolan saria, Txema Vallesentzat. Ondoren, sail bakoitzeko taldeetako entrenatzaileek jokalari jatorrenen aitortzak banatuko dituzte.
  • 13:30ean, hirugarren denbora, Beltzak errugbi eskolako lagunen eskutik.

40. urteurrena

Denboraldi amaierako festarekin biribilduko ditu kirol elkarteak bere 40. urteurreneko ospakizunak. Horren aurretik, Emakumea eta kirola hitzaldia aurrera eramango du, bihar, Antonio Mercero guneko hitzaldi aretoan, 19:00etan. Horrez gain, Ostadarreko kideek gogorarazi dute zabalik dagoela 40 urtez kirola sustatzen argazki erakusketa, ostiralera arte. Antonio Mercerora bertara joan behar dute herritarrek, 18:00etatik 20:00etara.

Bestalde, aurtengo denboraldiko aldizkaria argitaratu berri du Ostadarrek. Hemen irakur dezakezue.