Aitor Anabitarte herritarrak denboraldi paregabea egin du Illinoisen

Txintxarri Aldizkaria 2023ko api. 21a, 11:00
Aitor Anabitarte, Saints taldearekin erasoan jokatzen. Arg.: Univ. St. Francis.

Azaroan hasi eta otsailean amaitu zuen Aitor Anabitarte herritarrak saskibaloi denboraldia. Lasarteoriatar gaztea Matematika eta Informatika ikasten ari da Saint Francis Unibertsitatean, Illinois-en, Estatu Batuetan. Unibertsitateko Saints taldean ari da lehian. Aurten Chicagoland Collegiate Athletic Conference (CCAC) Ligako zein College Sports Communicators erakundeko hainbat aitorpen jaso ditu. Herritarrak iazko denboraldian ezin izan zuen jokatu belauneko lesio batengatik eta aurten arantza kendu ahal izan du

Saints taldeak bosgarren postua eskuratu du aurten Ligan. Ondorioz, CCAC Ligako final laurdenak jokatu ditu irabazle izan den Indiana University South Bend-en aurka. Partida zirraragarrian, puntu batengatik finalerditik kanpoan geratu zen Aitor Anabitarteren taldea, 50-51.

Herritarrak pisu handia izan du aurten taldearen jardunean. Liga, zein torneo ezberdinetako 27 neurketetatik 26 jokatu ditu. Guztira 776 minutu egon da kantxan eta  434 puntu egin ditu. Partida batzuetan bere lana erabakigarria izan da. Hala nola, otsailaren 11n, Saints 85-73 gailendu zen East-West taldearen aurka eta Anabitartek 34 puntu egin zituen. 

Aitormenak

Batazbesteko ederra izan du herritarrak neurketako eta horregatik Ligak bi aitormen berezi egin dizkio.

Denboraldiko estatistikak:

   • Jokatutako minutuak 28,7 m.
   • Puntuak 16,1 
   • Jaurtiketak %59,6
   • Pertsonalak %84,4
   • Hiruko jaurtiketak %37
   • Asistentziak 1,5
   • Erreboteak 8,1
   • Baloi lapurketak 1

Urtarrilean Ligako asteko jokalariaren izendapena jaso zuen Lasarte-Oriako gazteak hilaren 16-22ko astean jokatutako hiru partidetan egindako lanarengatik.

Eta denboraldi amaieran egiten duen jokalari onenen zerrendan ere txertatu du Anabitarte. Bigarren taldeko lehen postua eskuratu du.

Arg.: Univ. St. Francis.

Horrez gain, College Sports Communicators erakundeak NAIA mailako lehen taldean sartu du lasarteoriatarra. 
Estatu Batuetan ikasketak eta kirola uztartzen dituzten jokalarien jarduna saritzen du elkarteak Academic All-America programaren bitartez. National Collegiate Athletics Association (NCAA) eta National Association of Intercollegiate Athletics (NAIA) mailan egiten dira izendapenak.

Anabitartek 4.0 GPA eskuratu du ikasketetan eta kantxan lortutako emaitzei gehituta ikasle-jokalari onenetarikoa izan da bere mailan.