Hitzekin ere, trebeak

Iñigo Gonzalez Sarobe 2023ko mai. 26a, 09:06

Ostadar SKTren koloreak soinean eraman dituzten kirolari nabarmenetako batzuk elkartu ditu kirol elkarteak, ez entrenatu edo konpetitzeko, mikrofonoa hartu eta euren bizipenak kontatzeko baizik. Klubak bere 40. urteurrena ospatzeko antolatu duen ekimenetako bat izan da, hitzaldietan bigarrena.

Alex Saleta errugbi jokalariak uste du edozein kirol modalitatetan aritzen direnek egin behar dutela hirugarren denbora; partida amaitu, taldeetako kideak eta epailea elkartu eta indarrak hartu, lasai eta errespetuz. Kutsu hori izan zuen atzo arratsaldeko Ostadarretik igaro diren kirolari nabarmenenak hitzaldiak: hamar lasarteoriatar, gazteak eta beteranoak, jardunean daudenak eta jubilatuak, ahoan bilorik gabe eta giro ederrean, bakoitzak bizitakoak ikus-entzuleei kontatzen.

Iraia Iparragirre, Itxaso Garcia eta Ander Bardaji futbolariak; Alex Saleta bera eta Jon Ibisate errugbi jokalari eta epailea, hurrenez hurren; Naroa Furundarena atleta; Aitor Manso pilotua; Asier Sagasti judoka; Axier Arteaga pilotaria; eta Ander Goenaga surflaria. Hamar kirolari eta, hamaikakoa osatzeko, mikrofonoa. Moderatzaile (edo arbitro) lanetan, Ostadarreko kide Aitor Azkonobieta. Ordu eta laurden inguruko solasaldia izan zen, gezurra badirudi ere, solasaldia arina eta atsegina izan baitzen. Partaideen meritua izan zen hori, hitzekin ere trebeak direla erakutsi zutelako.

Gonbidatu bakoitzak bere burua aurkeztu ostean, galderak egiten hasi zitzaien Azkonobieta. Iparragirreri, adibidez, eskatu zion azaltzeko nola bizitu dituen azken asteak, aurten Reala eta futbola utziko zituela jakinarazi eta gero. "Oraindik ez naiz erabat kontziente; uste dut aurredenboraldia hasten denean konturatuko naizela, ez naizelako han egongo". Futbolak bezainbeste oihartzunik ez du atletismoak, eta Furundarenak nabaritzen du hori. "Egia da beste kirol batzuetan, gauza gutxiago eginda gehiago hitz egiten dela horiei buruz [herritar gazteak 23 urtez azpiko Espainiako txapelketa irabazi du, hiruko jauzian]". Zangoak baino, eskuak erabiltzen ditu Mansok, rallyetan autoa trebeziaz gidatzeko. Zaletasuna jaunartzea egin zuenetik datorkiola esan du eta "emozio handiz" hasi zela lasterketetan parte hartzen. Gaur egun, hala jarraitzen du. Asier Sagastiri galdetuz gero belar artifizialeko zelai batera edo tatami batera jausi, bigarrenaren alde egingo luke ziur asko. Hala ere, urte askotan uztartu zituen futbola eta judoa, gustura eta pasioarekin. Gaur egun bigarren modalitate horretan jarraitzen du, eta 31 urte bete berri dituen arren, beteranoa da honezkero. Hori bai, hasiberri baten ilusioa mantentzen du. Sagasti bezala, atezain lanak egin zituen Arteagak Ostadarren, baina aurrelaria ere bada. Ez ditu golak sartzen ordea, ezker gantxoak, dejadak eta horma-bikoak baizik, pilotaria baita. Uste du "garrantzitsua" dela, umetan batez ere, ahalik eta modalitate gehienetan aritzea, probatzea eta ezagutzea, teknika eta fisikoa lantzeaz gain talde lana bezalako baloreak barneratzeko.

Gogoeten saskia

Galdera-erantzun dinamika hauste aldera, Azkonobietak honako ariketa hau egitea proposatu zien hizlariei: hamar gogoeta beste hainbeste papertxotan, saski batean sartuta. Txapelketa baten azken faseko zozketa bat bailitzan, banan-banan atera zituzten, eta ozen irakurri. Ikustekoak izan ziren batzuen erreakzioak. Zenbat eta ataka estuagoa, orduan eta imintzio gehiago. Saletak zer esango lioke 8 urteko ni-ari? "Berarengan sinesteko, ingurukoei ez horrenbeste kasu egiteko eta, batez ere, ikasketetan saiatuagoa izateko". Barrez lehertu ziren hitzaldi aretora bertaratutakoak. Kirolean inoiz egin duen hanka sartze handiena aitortu behar izan zuen Goenagak: txapelketa baten aurretik taula ez zuela behar bezala prestatu, eta hogei bat minutu pasa behar izan zituela olaturik hartu ezinik. "Gozoa zegoen entrenatzailea!". Jakina da kirolariek era guztietako maniak eta sineskeriak dituztela. Zeintzuk dira Ibisaterenak? "Partidak hasi aurretik beroketa ariketa berdinak egin behar ditut beti, arropa berdina jantzita eta toki berdinean. Bestela, ez naiz ongi hasten". Gai filosofikoagoei buruz jardutea egokitu zitzaien Garciari eta Bardaji. Lehenengoari, emakumea eta kirolari buruz. "Ederra tokatu zait", esan zuen papertxoa irakurri eta berehala. "Gizartean gertatzen denaren isla dela uste dut: pixkanaka emakumeekiko ikuspuntua hobetzen doa, aurrera goaz". Bigarrenari, kirolak zer eman dion. "Gauza, bizipen eta lagun asko, diziplina bezalako baloreak...Asko eman diot kirolari, baina are gehiago jaso dut bueltan". 

Giro ederrean jarraitu zuten solasean, moderatzailearen eta ikus-entzuleen galderak erantzuten. Ohartzerako eta bertaratutakoek nahi baino lehenago iritsi zen bukatzeko ordua. Etxera joan ziren batzuk, eta hirugarren denbora egitera besteak, pintxo pote eguna zela baliatuta.

Argazki erakusketa Antonio Mercero gunean

Arestian esan bezala, lau hamarkada bete izana ospatzen ari da Ostadar. Solasaldiez gain (hurrengoa, Emakumea eta kirola,  ekainaren 1ean egingo dute, 19:00etan, Antonio Mercero gunean), argazki erakusketa bat prestatu dute, kirol elkartearen 40 urteko ibilbideko mugarri garrantzitsuenak gogora ekartzeko. Gaur arratsaldean irekiko dute, 18:00etatik 20:00etara, Antonio Mercero gunean. Ikusteko azken eguna ekainaren 2a izango da, ostirala. 

Hurrengo egunean egingo dute denboraldi amaierako festa, Michelin pilotalekuan, 11:00etatik aurrera. Ohi bezala, Kirolari Onena eta Auzolan sariak banatuko dituzte, sail bakoitzeko taldeetako entrenatzaileek jokalari jatorrenak izendatuko dituzte eta, nola ez, hirugarren denbora egingo dute, Beltzak errugbi eskolako lagunen eskutik. 

Erlazionatuak

'Emakumea eta kirola' hitzaldia

Txintxarri Aldizkaria 2023 mai 03 Kirola

Denboraldi amaierako festa

Txintxarri Aldizkaria 2023 mai 09 Kirola