Bertsolaritzako irakasle gisa lan egiten dut, bizi erdia baina gehiago daramat bertso eskolan, eta, askotan ez bada ere, plazan aritzen naiz kantuan. Prestakuntza eta esperientzia jakin bat daukat gai honen inguruan, baina, hala ere, iruzur hutsa naizela sentitzen dut, eta benetan ikusiko balute zer dakidan, zer pentsatzen edo sentitzen dudan, sorpresa hartuko luketela.
Hala gertatzen zait lan esparruan eta baita sorkuntza arloan ere, eta dagoeneko zalantzan jartzen hasia naiz ez ote naizen nire buruarekiko dudan autoirudia distortsionatzen ari.
Aurrekoan lagun batzuekin (denak emakumeak) aritu nintzen gai honetaz hizketan, eta gehienak identifikatuta sentitu ginen sentipen honekin. Gure gaitasunei eta potentzialari buruz zalantzan egotea erabat etsigarria zela ondorioztatu genuen, deskubrituak izateko eta iruzur bat garela konturatzeko etengabeko beldurra sentitzen genuela.
Honi Inpostorearen Sindromea deritzo eta Pauline Clance doktoreak izendatu zuen 1978 urtean. Clancek, norberaren potentziala etengabe zalantzan jartzera eramaten duen autoestimu falta gisa definitzen du. Ez dut uste kasualidadea denik sindrome hau pairatzen duen gehiengoa emakumea izatea.
Esango nuke gure ingurura begiratuko bagenu, gizartearen egitura historikoak, hots, Patriarkatuak nahiko garbi azaltzen duela zergatik pairatzen ditugun gehiago emakumeok horrelako gaitzak. Espazio publikoetan presentziarik ez izateak, erabakiak hartzeko postuetan emakumezko erreferenterik ez egoteak eta tradizioz feminitateari lotutako zenbait ezaugarrik eragina dute gure autoestimua eraikitzeko moduan eta gerora munduari aurre egiteko moduan. Duela hamarkada gutxira arte, esparru publikoan ez da gure presentziarik ageri izan, eta, are gehiago, gaur egun hartu dugun leku hori mugatua da eta arautua dago oraindik ere; izan ere, plazara atera garen arren, ez gara gizonezkoen pareko gisa irakurriak, ez ditugu pribilegio berberak. Horregatik, gero eta ohikoagoa da beren burua iruzurgiletzat hartzen duten emakumeak aurkitzea.
Saia gaitezen sistemak barneratuarazi dizkigun gure sinesmenak irauli eta norbere burua zaintzen, autoexijentzia baretu eta autozaintza lehenesten, norberaren buruari eta lorpenei balioa ematen.
Hau da nire ahotsa, emakume, gazte eta sortzaile gisa eskaini diezazuekedan iritzi xumea. Ez dut espero zuei iruzur egiterik, neuretik aritu, eta ahal bada zuen hausnarketei atea zabaltzea baizik.