Beste aldean, berriz, "zer moduz" galdegiten digutenean, antzeko zerbait gertatzen zaigu, baina kontrako norabidean. Benetan ondo bagaude, erraza da erantzuten. Zer pasatzen da, ordea, benetan ondo ez bagaude? Prest gaude gure ondoeza adieraztera? Prest gaude miseriak, tristurak, gaixotasunak, arazoak, kezkak eta beldurrak azaleratzera?
Askotan errazena ondoeza ezkutatzea izaten da, kaka opari paperez estali, eta parekoaren arreta inguruan dugun argi izpi bakan horietara edo arazo hutsaletara bideratzea. Alegia, galderari erantzun bai, baina benetako erantzunari izkin eginez.
Azken finean, txanponaren A aldea, alde ona, bakarrik erakustera ohituta gaude, alde atsegina, distiratsua, arrakastatsua, zoriontsua, aktiboa. Baina pertsona guztiak bizitzen ditugu esperientzia atsegin nahiz desatseginak; denak gara bi aldekodun txanponak.
Izan ere, B aldea gugan dago. Ederra litzateke, ordea, tarteka, bai guk eta baita gainontzekoek petral, pattal, triste, nekatuta, kezkatuta, nazkatuta edota beldurtuta gaudela adierazteko traba sozialik ez izatea. Ez beti, ez edonorekin, ez edozein testuingurutan… Baina "zer moduz" galdetutakoan, behintzat, "beno" edo "gaizki" erantzun ahal izatea, lasai asko. B aldea A bezain normala baita.