Harrigarria bada ere, semea izan zen joan den larunbatean koplak kantatzera joatera animatu gintuena. Neure artean pentsatu nuen berriro tren hura ez zela pasako, beraz, gonbitea bai ala bai onartu beharrekoa zela. Eta halaxe batu gintzaien Xumela abesbatzakoei. Gutxien espero nuenean hasi zen sumendia barrutik bor borka, semea Oles oles lurra esna zaitez abestearekin bat.
Halako ezusteko sentsazioak beste egoera batzuetan ere bizi izan ditut azken boladan, eta, bai, horien artean, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldietan. Arraroa naizela pentsatuko duzue, baina badakit besteren bati ere gertatu izan zaiola Behin betiko eta halakoak entzuterakoan…
Moduren batean, txikitako nire Niarekin konektatzen dudala iruditzen zait kantu horiek entzuterakoan, bat-batean 8 urte izango banitu bezala, ume, ameslari, xalo… une magiko hori bizitzen.
Egoera jakin horietan sentimendu horiek edukitzea ez da kasualitatea. Gure ondorengoek guk bizi izan genuena bizitzen ari dira, gure kultura, gure usadioak, gure hizkuntza… Urtez urte, belaunaldiz belaunaldi, katebegiz katebegi osatzen joan garena, ohitura zaharrak berritzeko asmotan.
Denboraren makinan sartu eta hemendik 50 urte barru zer gertatzen den begiratzea gustatuko litzaidake. Hobe esanda, benetan gustatuko litzaideena katea apurtu ez dela ikustea da.