Pixkanaka, ordea, begiak irekitzen hasi zitzaizkidan. Platonen mitoan bezala, argia, kasu honetan, feminismoak eman zidan. Hasieran, kosta egiten zen gauza batzuk hautematea, ez zen erraza, lausoago zegoen. Txiste matxistak, minigona eta eskotearekin doan neska gertatzen zaionaren errudun egitea, mezuak ikusteko eskatzen duen mutilaguna, edo gauean lagunekin ez irteteko galdegiten duena…
Orain badakigu hori guztia ez dela normala, eta baduela izen bat: emakumeen kontrako indarkeria edo indarkeria matxista. Gure beldurrarekin jokatzen duela, eta beldur hori emakumeak kontrolatzeko tresna dela. Batzuetan sotilagoa dela eta benetan bortitza izan daitekeela. Eskerrak feminismoari begiak irekitzen laguntzeagatik. Euskaraldian bezala, ekiteko garaia da orain.