Horrek orain dela urte batzuetako artikulu bat dakarkit gogora. Honela esaten zuen: "Benetan? Ostia! Lasarte-Soriakoa zara, ez dirudi". "Ez al da Lasarte apur bat txurrianoa?". Esaldi horrek buelta asko eman dizkit buruan. Duela gutxi ere herri “euskaldun” bateko festa batean, bertakoa zen herritar batekin hizketan nengoela, Lasarte-Oriako nintzela esan nion, eta zoriondu egin ninduen, herri euskaldun batean euskaldun izatea erraza baita, baina herri txurriano batean euskalduna izatea berriz?
Lasarte-Oriak herri “euskaldun” etiketa ez duela sinetsi izan dut urte askotan zehar, baina zerk egiten du herri bat euskalduna izateak eta zerk ez? Zergatik pentsatu ohi izan dut nire herria ez dela “euskalduna”? Nik ez ditut zortzi euskal abizen, lau baizik. Amaren familia izatez euskalduna da, eta aitaren familia berriz, Burgosetik etorria. Bai, Lasarte-Orian Gaztela eta Leonetik, Extremaduratik, Galiziatik, Andaluziatik eta beste hainbat tokitatik lanera etorri ziren familia ugari bizi da, eta beraz, gure familiak “euskaldunak” ez direnez, badirudi euskaldun petoak izatearen ohorea ez dugula.
Niri inork ez dit esango zer naizen eta zer senti naitekeen, eta nik argi daukat lasarteoriatarra eta euskalduna naizela. Euskaldun izatea ez da islatzen gure arbasoetan eta gure abizenetan. Euskalduna izatea bizimodu bat da, nortasun bat da, sentimendu bat da. euskalduna izatea euskara izatea da. Eta jakin dezazuen ni euskaldun naizen bezala, Lasarte-Soria ere euskalduna dela.
Zortzi egun besterik ez dira falta Euskararen Maratoierako, eta beraz, gure desberdintasun guztien gainetik, batu gaitezen eta harro senti gaitezen egin dugunaz eta garenaz. Gora Euskararen Maratoia eta gora Lasarte-Oria!