Desfilea, konpartsen arratsaldeko sekuela

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ots. 18a, 20:51

Musika eta kolorez bete dira arratsaldean erdialdeko kaleak. Jende ugari bildu da bide bazterretan konpartsak ikusteko eta jaiaz gozatzen jarraitzeko. Erakustaldia amaituta, sari banaketa egin dute, denek izan dute aintzatespenen bat eta Intzak Parrandak eskuratu du zintzarria.

Konpartsen aurkezpena bukatuta, arratsaldeko desfilerako indarrak hartu dituzte Okendoko karpan bazkalduta. Norberak berea eraman du eta hala nahi izan duten herritarrek ere tokia izan dute. Kalea girotzen ibili diren Oaintxe In Deu txarangakoek, esaterako, karpa eta udaletxe ataria arteko tartea nahiago izan dute otordua egiteko. 

Bazkalostean, solasaldiaz gain, txiste eta piropo lehiaketa egin dute. Partaide gutxi izan dute, ez ordea jarraian etorri den Super Bingoak. Zenbakiak atera eta atera aritu dira, txartel irabazlea osatzea kostatu baitzaie. Frenetik konpartsako neskato batek lortu, eta bi lagunentzako otordu bat irabazi du. 

Arratsaldeko bostetarako minutu gutxi falta zirela, ibilgailuak martxan jarri eta plazatik Kale Nagusira abiatu dira konpartsak. Zabaletako mamu ehiztariak izan dira desfilearen buru, Jalgune atzetik zutela. Erdikoak Sasoeta Sasoianekoak izan dira. Hasi eta berehala arazoa izan dute musikarekin, desfilea geldituz eta tartea sortuz aurreko bi taldeekin. Ezin izan dute konpondu, beraz, musikarik gabe dantza egin behar izan dute. Atzetik zituzten Intzak Parrandakoen kantak, berriz, ozen entzun dira. Eudora Addams buru zuen dantzari taldearen atzetik herritar ugari batu da euren mozorroak erakustera.

Ordubete luze behar izan dute abiapuntura bueltatzeko eta tarte batez itxaron behar izan dute epaimahaiaren erabakia ezagutzeko. Grease filmeko protagonistak irudikatu dituzten Iñigo eta Paola izan dira mozorro lehiaketako irabazleak, zintzarria, berriz, Intzak Parrandak jaso du. Hala ere, beste taldeak ez dira esku hutsik joan. 

Parrandazaleena: Sasoeta Sasoian
Originalena: Frenetik
Sortzaileena: Zabaleta Auzolan
Jatorrena: Jalgune
Dantzagarriena: Intzak Parranda

 
 

 

Erlazionatuak

Frenetics konpainia Kale Nagusian dantzan

Txintxarri Aldizkaria 2023 ots 18 Gizartea