Egitarau oparo eta berritua prestatu dute Inauterietarako

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ots. 9a, 08:00

Hilabeteetako filmatze lanen ostean, prest dute dena estreinaldi handirako: badatoz aurtengo Inauteriak. Lasarte-Oriako Udalak egitarau oparoa prestatu du konpartsa, elkarte eta komertzioekin –Quantum Escape Room-ekin, zehazki–, hilaren 11tik 20ra. Antolatzaileek herritarrak animatu dituzte ekimenetan parte hartzera. Pelikulak gaia proposatu dute.

EGITARAUA

Hilak 11, larunbata

  • Euskal Inauteriak. Zubietan ekitaldia eta kalejiraren hasiera, 16:30ean. Ordubete geroago, 17:30ean, Hipodromoko zubira iritsi eta lasarteoriatarrekin batuko dira, herrian barrena kantuan eta dantzan jarraitzeko. 19:00etan, Okendo plazan, amaiera ekitaldia: senidetzea, dantza eta xomorroa sutan erretzea. Bukatu eta gero txokolate beroa banatuko dute antolatzaileek.

Hilak 16, osteguna

  • Kontzertu bufoa. Udal Musika Eskolako ikasleek emango dute kontzertua, 19:00etan. Sarrera, doan.

Hilak 17, ostirala

  • Festa ikastetxeetan. Herriko ikastetxeek Inauterien etorrera ospatuko dute, 15:30ean.
  • 'Scape room' jokoa: non dago Oscar saria? Familiek nahiz kuadrillek parte hartu ahalko dute Quantum Scape Room-ek antolatutako jokoan, 17:30etik 19:30era, doan. Zazpina taldeko (hiru eta sei pertsonakoak izan daitezke) beste hainbeste txanda egingo dituzte, Juan XXIII plazatik hasita. 600 euro banatuko dituzte saritan.
  • Mozorro festa, DJ batekin eta askariarekin. 12 eta 16 urte arteko gazteei zuzendutako ekimena da. Karpa bat jarriko dute Antonio Mercero gune alboko arkupeetan, 19:00etatik 20:00etara.

Hilak 18, larunbata

  • Konpartsen aurkezpena eta bazkaria. Konpartsak Okendo plazan elkartuko dira 12:00etan; oholtza gainera igo eta euren buruak aurkeztuko dituzte, dantzatzen. Oaintxe in deu! txarangak girotuko du goiza. 14:30ean, elkarrekin bazkalduko dute partaideek, enparantza horretako karpan. Janaria bakoitzak eraman beharko du etxetik. 
  • Super Bingoa. Bazkalostea girotzeko, Super Bingoa aurrera eramango dute karpan bertan, 16:00etan. 
  • Konpartsa eta kuadrillen desfilea. Konpartsek herrian barrena desfilatuko dute, 17:00etatik 20:00etara. Aurten, atzealdean, musika jarriko duen furgoneta bat jarriko dute, kalean dauden kuadrillak anima daitezen. Okendo plazara iristean bakarkako mozorroen eta karrozen sariak banatuko dituzte, eta txokolate beroa emango.
  • Disko jaia. Parranda egin nahi duenak aukera izango du, Antonio Mercero gune alboko karpan, 23:00etatik 02:00etara.

Hilak 19, igandea

  • Erraldoi eta buruhandiak. Herrian barrena ibiliko dira, Gautxori txarangarekin batera, 11:30etik 13:30era. 
  • Kontzertua. Herritarrak dantzan jarriko ditu Ibai Berriak taldeak, 18:00etatik aurrera, Antonio Mercero gune alboko karpan.

Hilak 20, Astelehena

  • Puzgarriak. 8 urte arteko haurrentzat, Loidibarren frontoian, 11:30etatik 13:30era.
  • Sardinaren ehorzketa. Sardina ospetsuaren ehorzketa, hileta eta erreketa. Amaitzean, zezensuzkoa. 18:00etan hasiko da. Okendo plazatik abiatuko dira.