Izarrez beteriko castinga aurrera eraman dute Okendon

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ots. 18a, 14:00

Arratsaldeko desfilean parte hartuko duten bost konpartsen aurkezpena egin dute eguerdian Okendoko eszenarioan. Nahi izan duten herritarrek ere parte hartu ahal izan duten mozorro lehiaketan edo photocallean argazkia egin. Proposatutako gaiari heldu eta film ezagunetako pertsonaiaz bete da plaza. 

Urduritasuna eta festa gogoa nabari zen Okendo plazan emanaldia hasteko minutu gutxi falta zirela. Konpartsen ibilgailuak bertan zeuden eta inguruan zebiltzan taldekideak azken ukituak egiten. Aurten, bost izan dira: Jalgune, Intzak Parranda, Sasoeta Sasoian, Zabaleta Auzolan eta Frenetik. Guztiak igo dira eszenariora eta desfilean egingo dutenaren lagin bat erakutsi diete plaza bete duten herritarrei. 

Bea Egizabal aurkezleak Alice Guy aukeratu du mozorrotarako, film bat egin zuen lehen pertsona, hain zuzen ere. Bigarrena egiteko gogoz, bertan parte hartuko duten aktoreei proba egitea erabaki du. Casting berezi horretako lehen hautagaiak Jalguneko kideak izan dira. Tim Burtonen filmetako pertsonaiak bilakatu dira: Willy Wonka, txokolate fabrika bisitatzeko urrezko txartela duen Charlie, Beetlejuice, Alizia eta mundu zoragarriko beste batzuk... "3,2,1.Ekin!" esan, eta klaketa keinua eginda, errodajea abian jarri du Guyk. Une batean, bihotz formako bonboiak bota dizkiete begira zeudenei eta haiek hartzen ahalegindu dira lehen lerroetakoak. Dantza amaieran serpentinez eta konfetiz bete dute eszenario aurrealdea.

Intzak parrandak Coco filma izan du inspirazio iturri. Miguel haurrek gitarra eskuan, katrinek eta mariatxiek, bizi-bizi mugitu dute gorputza, eta amaieran, pelikulari izena ematen dion amona agertu da denen erdira,  garezurra eskuetan zuela. Prestatutako koreografia erakusten hurrengoak Zabaletako Auzolanekoak izan dira. 1980ko hamarkadako Ghostbusters aukeratu dute, eta ehiztari onak diren seinale, kutxa banatan itxitako bi deabruz gain, globoetan mamu ugari daramatzate preso. Oinei eraginez harrapatu dituzten ez dute argitu, baina ondo moldatu dira zeregin horretan ere.

Dantza eta zinema batzea pentsatuta, gogoa musikaletara joatea erraza da. Eta horien artean ezagunena ez bada, lehenengoen artean dago Grease. Horixe da Sasoeta Sasoianekoen eskaintza. Sanndy, Danny… 1950eko hamarkadako AEBtara bueltan, Sandy, Danny eta gainerakoak dantzan aritu dira oholtza gainean. Azken konpartsa Frenetik berria izan da. Telesail berri baten harira, pil-pilean dagoen Addams familiaren alde egin dute. Hala,  Mortizia, Asteazken eta Pugsley ugarik filmeko doinu ezaguna dantzatu dute.

Aurkezpena bukatuta, jarraian, mozorro lehiaketan parte hartzea erabaki dutenen txanda izan da. Izena eman dutenak deitzen hasi denean, ordea, zorte gutxi izan du aurkezleak. Agertzen joan dira, eta haiekin batera, unean batzea erabaki dutenak batu dira. Greaseko protagonistak, ET extralurtarra,  Canta filmeko animaliak, Scooby Doo... Guztien kamera aurreko probak erregistratuta, arratsaldeko desfilearen ondoren ezagutaraziko dituzte sarituak

Erlazionatuak

Aktore onenek bete dituzte kaleak

Txintxarri Aldizkaria 2023 ots 18 Gizartea

Giro bikaina inauterietan

Txintxarri Aldizkaria 2023 ots 18 Gizartea