Gabardina, lupa, kapela... filmetako detektibeen estereotipoetatik urruti daude aldi baterako ikertzaile hauek. Are gehiago, halakoetan ezohikoak diren pertsonaien itxura dute: Txikiteroak, piratak, ipotxak, zientzialariak...
Oscar galduaren bila du izena jokoak, beraz, bi izarrek eman dizkiete argibide guztiak. Beste mundutik etorritako Elvis Presley eta Marilyn Monroe. Tarteka zatitxoren bat abestu eta gerria mugitzeaz gain, Mississipiko aktoreak zerrenda pasatu eta azalpenak eman dizkie. Zazpi taldeko zazpi txandetan izen emateko aukera zabaldu zuten eta lau egunetan bete zituzten denak. Dei ugari jaso dituzten azken egunetan eta unean bertan ere aukerarik bazen galdetzera joan dira batzuk. Hutsegiteren baten zain gelditu dira. Tentagarri ilehoriak, berriz, erronketako bat gainditzeko ireki behar zuten kutxekin lagundu die partaideei, baita buruhauste gehigarri bilakatu den sakelako aplikazioarekin ere.
Hasi aurreko azalpentxoan zati bakoitza osatzean argazki bat partekatzeak puntuak gehituko dizkiela esan die, baita ohartarazi ere denborak azken proban –galderak erantzutea– bakarrik duela garrantzia, hortaz, korrika ibiltzeko arrazoirik ez zutela. Inork gutxik entzun (edo jaramon egin) du zati hori, gehienek ez baitute denborarik galdetu nahi izan, ondorioz, behar baino joan-etorri gehiago egin behar izan badituzte ere.
Lehen QRa irakurrita, ekin diote Oscar galdua topatzeko gainditu beharreko hiru erronketako lehenari. Hasteko Askatasuna parkera joan, eta bertan jarritako izarretan zeuden filmak ordenan jarri behar izan dituzte, zaharrenetik berrienera. Egindako mugimenduen norabideak kontuan hartuta, kutxaren giltzarrapoa irekitzeko balio izan die. Sarrera batzuk eskuratu dituzte eta haiekin herriko zinema aretora jo behar zuten, hau da, kultur etxera. Aldez aurretik, ordea, aretozainen tresna lortu behar izan dute: esku argia. Argi morea zuenarekin eserlekuen atzean bilatu behar izan dute hurrengo zantzu eskuratzeko.
Brigitarren komentuan zain zuten egitekoa, hurrengo helmugaren helbidea, baita hara sartzeko beharko dutena ere: esaldi bat latinez. Kripta bilakatutako Gaztelekuko aretoko atean dagoen monjeari esan, eta egokia bada, gune horretan ezkutatutako gailu bat topatu eta deskodetu dute.
Dinamika bera jarraituz, azken proba Okendo plazako eszenarioan egin dute. Lasarte-Oriari buruzko hamar galdera erantzun behar zituzten, Egunean behin gisako joko batean. Hori amaituta, mahai baten gainean zeuden Oscarretako bat hartu eta talde argazkia egin dute.