Ikastetxeetako haurren emanaldiak asteburuko pelikulen aurrekari izan dira

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ots. 17a, 17:50

Herriko ikasleek ederki hasi dute Inauteri asteburua, Mozorro dotoreak soinean, emanaldi bikainak egin dituzte ikastetxeetan

Landaberri eraikineko gazteak izan dira agertokira irteten lehenak. 15:00etarako ikastetxeko anfiteatroan bildu dira, irakasleekin batera, eta mailaz maila erakutsi dituzte prestatutako mozorro eta dantzak. Pantaila handiko izarren paren aurkeztu dira talde guztiak; lehena Grease. Film horretako protagonista bihurtu da talde bat, eta trebetasun handiz dantzatu dute Tell me more abesti ezaguna. Horien atzetik Karibeko piratak agertu dira, eta doinu moderno bezain animatuarekin astindu dituzte gorputz eta ezpatak. Horiek saioa amaituta, Addams familiako Asteazken-ez bete da anfiteatroko eszenatokia, eta eskuak alde batera zein bestera mugituz, denek bezala erakustaldi ederra egin dute horiek ere. Jantzi horiz eta betaurrekoak buruan, Minionsen txanda izan da gero, eta horiek ere saio polita egin dute; bihurria. 

Jaialditxoa amaitu aurretik, irakasleak batu dira anfiteatro erdian, eta Goazen telesaila oinarri hartuta, Landakabi-n bihurtu dute, egun batez ikastetxea. Bulego taldearen Bueltan da abestia dantzatu eta kantatu dute. Erakustaldi guztiak amaitu ostean, txokolatea jan dute denek elkarrekin. 

Lantzeko inauteria izan dute aurten ere mozorrotarako gaia Garaikoetxea-Landaberriko ikasle eta irakasleek. Azken urteetan ez bezala, gurasoek aukera izan dute ikastetxeko jolastokira bertaratu eta euren seme-alabak ikusteko. Txantxoz jantzitako txikienak atera dira lehenengo eta jarritako hesiaren bueltan eseri; nagusienak, berriz, ilaran aldapa jaitsi eta gunera joan dira dantzan. Ziripotek guztiak agurtu ditu eta kontakizuna irudikatzen joan dira, neguaren eta udaberriaren, gauaren eta egunaren arteko lehia. Koloretako alkandorak soinean, ilargia edo eguzkia marraztuta zuten lazodun kapelak buruan, dantza egin dute suaren inguruan. 

Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko haurrek, aldiz, gelan landutako gaiak izan dituzte oinarri kolorez eta erritmoz betetako ikuskizuna aurkezteko. Animaliak, planetak, eskeletoak, egiptiarrak, zientzialariak, koloretako munstroak, euskal inauterietako pertsonaiak... HH4tik LH6ra talde ezberdinetan Sasoeta eraikineko patioan dantzaleku izan dute. Besteak beste, Peru krokodiloa, Manolito eskeletotxoa, Waka-waka, Borobil dantza edo Zazpi jauzi doinuen erritmora mugitu dituzte gorputzak. Pandemiaren ostean, berriro senideek adi jarraitu dituzte txiki eta gazteen emanaldiak.