Sendatzea

Lierni Rekondo 2022ko urr. 7a, 07:30

Urriaren 10ean Osasun Mentalaren Nazioarteko Eguna ospatzen da eta buruko gaixotasunen problematikaren inguruan kontzientzia sortzea du helburu.

Osasun mentala laidoztatua dago oraindik ere. Geroz eta gehiago entzuten dugun kontzeptua da komunikabideetan, sare sozialetan, jendearen ahotan… Baina, esango nuke oraindik ez zaiola eman behar den lekua gizartean. Duela hamar urte baina askoz ohikoagoa da terapiara joatea, edo, behintzat, publikoki naturaltasun osoz kontatzea. Terapia eta buruko osasuna zaintzeari dagozkion baliabideak ordea, ez daude oraindik edonoren esku. Osasun zerbitzu publikoak ez du kalitatezko zerbitzurik eskeintzen, eta kasurik larrienetan soilik bideratzen dira kasuak osasun mentaleko sailera. Urtero-urtero medikuarenean azterketa bat egitea gomendatzen dute adituek, baina ez da ezer komentatzen prebentzio gisa terapiara joateaz. Ni ere terapiara joaten naiz eta onartu behar dut pribilegiatua sentitzen naizela. Zorteduna sentitzen naiz joan ahal izateko baliabideak dauzkadalako batetik, eta bizitzen ari naizen prozesu aberasgarri honengatik bestetik.

Lehen aipatu dudan bezala, geroz eta ohikoagoa da osasun mentalaz hitz egitea, baina, horrek ere zenbait arrisku ekarri ditu. Naturalizatzearekin batera, geroz eta espazio gehiagotan hitz egin da gaiaren inguruan eta, ondorioz, esparru batzuetan gaia arinkeriaz tratatzen da, horrek ekar ditzakeen ondorioekin. Saltzen digute eguzkiarekin batera esnatzearekin, azala zaintzearekin, hausnartzearekin, yoga egitearekin, idaztearekin, irakurtzearekin, eta ondoren lanera joatearekin, gimnasiora joatearekin, sare sozialetan denbora galtzearekin, osasuntsu afaltzearekin, oheratu aurretik irakurtzearekin dena konpontzen dela. Alegia, gizarteak eskatzen duena betez gero, gure osasun mentala zainduko dugula.

Garrantzitsua da baieztapen hauetan ez erortzea. Ulertzea YouTuben edo Tik Token ikusten dugun hori ez dela erreala. Gerta liteke norbaitentzat mesedegarria izatea horrelako errutinak, baina ez liratezke guztiontzako helburu bihurtu behar, besteekin prozesuak zalantzan jarri eta zurearekin alderatzeko beste molde bat. Norberaren Osasun Mentala zaindu eta gure burua indartzea ez da #Healthylife hashtag-a mantra bihurtzea. Batzutan, ia gehienetan, laguntza profesionala behar izaten da, esfortzua eskatzen du, eta batez ere prozesu zaila da.

Nire kasuan behintzat, lan handia eman dit onartzeak sendatzea ez dela lineala, eta bideak badituela bere argi-ilunak. Helburuak betetzea bidearen zati bat dela, baina badagoela eskaparatetik at geratzen den beste alde hori. Sendatzea lur jota zaudenean zaudenean zure buruari eskutik heldu eta bidean laguntzea da, onartzea beti ez gaudela berdin eta ezin dugula kontrolatu. Zure buruari laguntza eskatzeko aukera ematea da. Ulertzea sumindura baretzen doan arren, orbainak ez direla guztiz ezabatzen. Orbain horiek zaindu eta goxatu egin behar direla eta noizean behin, itxi ez den zauriaren zorna bihurtuko direla berriz ere behin eta berriro.

Gure osasun mentala zaintzea bide gogorra da, ez da lineala, baina ez dezagun ahaztu norberaren burua zaintzea dela norberaren buruarengatik egin daitekeen onena. Beraz, zaindu gaitezen eta borroka dezagun osasun mentala zaintzeko baliabide publikoen alde.