Dantza eta dantza ibili ondoren, xomorroak Okendo plazara iritsi dira. Egun batez, mesfidantza alboratu, eta herriak ateak zabaldu dizkie. Ohi bezala, senidetzea egin dute datorren urtean bakea eta oparotasuna izatearen truke. Alkateak 50 urrezko dukatu, 10 zato ardo, 20 kilo gari, 15 kilo arto, 30 kilo sagar, 40 odolki, 40 lukainka eta 20 botila ardo goxo eman dizkie, eta txantxoek zin egin dute uzta, abere eta herritarak errespetatzea. Akordioa erdietsita, azken hilabeteetan pairatutako kalamitate eta gaitzen erruduntzat jo duten Kaxkamalo su garretan erraustu dute. Herria babestuta, dantza pixka bat gehiago egin dute. Kale jira bukatuta, euskal inauterietako partaide eta ikusleei txokolate beroa eta bizkotxoa eman dizkiete.
2023 ots 11 Kultura