Kalejira koloretsua egin dute herrian barrena

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ots. 11a, 20:09

Tradizioa eta eguraldia eskutik helduta aritu dira gaur arratsaldean. Zubietatik hasi eta Lasarte-Oriara, txantxo kuadrilla kalejiran atera da, hartza eta mamoxarroekin batera. Geldialdi ugari egin dituzte bidean; Plaza Dantzako lagunek gidatutako pausoekin girotu dituzte kaleak: Zazpi jauzi, Ipurdi dantza, Axuri Beltza, Sanpetite, Txapelua, eta beste zenbait. Hankak eta beste gorputz atal asko altxa dituzte, udaberria gero eta gertuago dagoela ospatzeko. Horren erakusgarri, gaurko zeru urdina, eguzkia eta giro goxoa. Ibilbidean aurrera egin ahala herritar gero eta gehiago animatu dira parte hartzera, eta Okendo plazara iritsi den taldea hasierakoa baino jendetsuagoa izan da.