'NEURE KABUZ'

Musikaren industria eta emakumeak

Maitane Rebe Igartua 2022ko uzt. 15a, 07:00

Genero arrakalak pairatzen egon gara eta jarraituko dugu urte luzeetan zehar, eta orokorrean desberdintasun eta oztopoak merkatu guztietan aurkitzen ditugun arren, gaur musikaren industriaz hitz egitera natorkizue.

Genero diskriminazioak ia edozein lan eremutan aurki ditzakegu. Bereizkeria, sexu jazarpena edota abusua, laboralki aurrera egiteko aukera falta, soldata arrakala, parekotasun eza, kristalezko sabaia eta ikusezintasuna emakumeok lan munduan bizi izan ditugun eta bizi ditugun errealitateak dira. Eta tamalez, musikaren sektoreari lotutako munduan ere ez da arrotza, genero arrakala hauek oso ohikoak baitira industria honetan, baita aurre egin behar diegun emakumeen aurka dauden aurreiritziak ere. Desberdintasun horiek musikari, musikagile, musika ekoizle, soinu injineru eta alor honetan lan egiten edo lan egiten saiatzen garen emakumeongan du eragina, ez soilik oholtzaren gainean ikusten ditugunengan.

Estereotipoz beterik dagoen espazio batean aurkitzen gara eta sistema honek gure buruarekin zorrotzegiak izatea eragiten digu, eta gurekiko oso begirada kritikoa dugu. Oholtzaratu edo nire instrumentua esku artean izan dudan bakoitzean beti pentsatu ohi dut: “Hau ez da behar bezain ona".

Urte askoan, arlo horretan profesionalki aurre egin nahi izan duten emakumeek zailtasun handiak aurkitu dituzte beraien bidean. Musika industria emakumeen jokabide jakin batzuk gaitzetsi eta musika jarduera jakin batzuk egiteko gaitasunak zalantzan jartzen dituen ideologia zapaltzaile bat inposatu duen klase hegemoniko batek kontrolatu du. Horrek, gainera, musika munduan bide erakusle eta inspirazio izan daitezkeen emakume errefente falta ekarri du. Baina mundua aldatzera gatoz. Bazterturik, ordezkaturik, bidegabezko soldatekin, musikari eta musikagile garen emakumeak itzaletik argira atera nahi dugu eta aterako gara.

Munduak emakumeak ikusteko duen modua aldatu nahi dugu. Emakumeok gure burua nola ikusten dugun zalantzan jarri nahi dugu. Arau inkontzienteak, alborapen esplizituak eta genero desparekotasuna eusten eta eragiten duten eguneroko ekintza guztiak hautsi nahi ditugu. Gizartean aurrera egin behar dugu, gu gara aldaketa honen motor txikia eta musikaren mundua eta gure mundua ulertzeko modu patriarkala izatea aldatu behar dugu.

Inoiz egokitasun eza, segurtasun eza sentitu baduzu, edo tradizionalegia, xelebreegia, itsusiegia, erakargarriegia, lotsatiegia, edo kanporakoegia sentitu bazara, ongi etorri. Ez izan beldurrik zarata egiteko, gure espazioaren alde borrokatzeko, geure burua zalantzan jartzeko eta iraultzeko. Elkarrekin egin dezakegu eta orain egin behar dugu.