'NEURE KABUZ'

Aje emozionala

Lierni Rekondo 2022ko api. 29a, 08:00

Udaberriak agindu lez loratze hilabetea izan da aurtengo Apirila. Loratze kulturala, emozionala eta kolektiboak koloreztatu baitu herria.

Korrikaren aurkezpenean aipatu gisan oraindik airean dabil lehen izan ginenaren errautsa. Edonora joan eta gure burua justifikatu behar dugu, eskatu behar ez lizkiguketen azalpenak ematen; baietz Lasartearrak garela eta euskaraz ederki egiten dugula hala ere. Eta kasualidadea ez dela frogatzeko elkarrizketa argudiatzen jarraitu behar dugu solaskide mesfidatien aurrean, azalduz, Lasarten badagoela euskaraz bizi nahi eta haren alde egiten duen euskal komunitate bat hizkuntzaren normalizazioa eta herritar ugariren euskalduntzea ahalbidetu duena. Txiki sentiarazten gaituzte orduan, eta lotsatu egiten gara maiz nondik gatozen esateaz.

Horregatik hizkuntza normalkuntzaren eta euskalduntzearen alde, hamarkadaz hamarkada horrenbeste lan egin duen herri batentzat, aurreiritziak pisu direnarentzat, aingura hegodunak dira Korrika bezalako ekimenak. Barruan duguna ateratzea ahalbidetu eta kolektibotasunak dakarren indarra agerian uzten laguntzen baitu, hizkuntza, kultura eta herriarekiko atxikimendua berhartuz. Arrazoi dute zerbaiten alde egotetik zerbaiten alde egitera alde handia dagoela diotenek, baina, horrelako ekimenek eragindako sentipenei eta kolektibotasunari eutsiz gero, errazagoa da hitzetatik ekintzetara pasatzea.

Aitortzen dut hunkitu egin nintzela, Hipodromoko zubian, oraindik eguna esnatu gabe zegoela, hainbeste jende ikustean lekukoa noiz iritsiko zain, urduri, ilusioz, pozik… Hunkitu egin nintzela baita ere, herrikide sudurgorriek lekukoa hartzerakoan jaso zuten txalo zaparrada entzutean ere. Eta esperantza piztu zidala Faktorian eta Euskara Batzordean diharduten gazteen inplikazioa eta gogoa ikusteak. Zer esanik ez, herriko hamalau bertsolari gaztek, Lasarten, euren herrian, goraino beteta zegoen Jalgi Kafe Antzokian lehen plaza egin izanak: emozioa eta harrotasuna bider bi.

Guztia politizatzen dugun aro honetan, dena da politika eta aldi berean ezer ez. Batzuetan, sabelean dauzkagun tximeletek argitzen digute bidea.
Zeinen goxoa eta berezia izaten ari den hilabete honek ekarri duen aje emozionala…argi eta garbi ondorioztatu baita bazterrak nahasteko gogoa dugula, elkarrekin egoteko, bizirik gaudela erakutsi  eta euskaraz bizitzearen alde oihu egiteko.

Ezin kabitzeraino puzten da horrelakoetan herri harrotasuna. Euskarak, behar gaitu, herriak behar gaitu eta bide luzea dugu aurretik, baina, zorionak Lasarte, bide onean goaz ta!

Erlazionatuak