Euskararen Maratoia Lasarte-Orian euskara eta euskal kultura zabaltzeko eta indartzeko egiten den ekimena da. Guretzat, oso berezia da eta lau urtean behin emozio eta gogo handiz bizi dugu. Aurten oso modu berezian bizi izan dugu denok, sei urteren ondoren festa hau berpiztea oso hunkigarria izan delako herritar guztiontzat. Sei urte latz eta luze izan dira, eta hainbeste denboraren ondoren, pozik eta gogotsu hartu dugu parte. Maratoiak elkarlanaren balioa zein den erakusten digu, itxaropenez betetzen gaitu, eta lanean jarraitzeko gogoak pizten dizkigu. Maratoia herriarentzat oinarrizkoa da batzen gaituen indarra delako, eta elkarrekin lor dezakegun aldaketaren adibide garbia delako.
Maitane Eizmendik, Oriarte BHIko ikasleak, aurtengo zortzikotean parte hartzeko aukera izan du. 17 urteko gazte hau Batxilergoko bigarren maila ari da ikasten, eta aurtengo zortzikoteko kide gazteena izan da. Bere amonak bultzatu eta animatu zuen, izan ere, bere amonak ere aurreko edizioren bateko zortzikotean parte hartu zuen. Beraz, Maitanek amonaren bidea segi du zintzo-zintzo.
Maitanek oso gaztetatik euskaren aldeko hainbat ekimenetan parte hartu du. Adibidez, uda honetan EuskarAbentura espedizio ibiltarian izan zen beste 128 gazterekin batera Euskal Herri osoan zehar. Horretaz gain, gure institutuko Euskara Batzordean ere hainbat ikasturtetan aritu da lanean, eta baita horrelako talde gehiagotan ere.
Honela azaldu digu Maitane Eizmendik Euskararen 10. Maratoialdiko zortzikotean bizitako esperientzia.
Nola hasi zinen euskararen aldeko ekimenetan parte hartzen?
Ni, zuen antzera, DBHko bigarren mailan hasi nintzen euskararen aldeko ekimenetan parte hartzen, Euskara Batzordean.
Nola bukatu duzu zortzikoteko kideetako bat izaten?
Haiek deitu ninduten Euskararen Maratoiaren parte izateko eskainiz, eta proiektu polit bat zirudienez, onartzea erabaki nuen, baita Maratoiak herrian duen eraginagatik ere. Betidanik egon naiz horrelako saltsetan sartuta, eta horrelako gauzak gustuko izateak ere bultzatu ninduen gonbidapena onartzera.
Nola bizi izan duzu esperientzia, zortzikoteko kide gazteena izanik?
Hasieran, zortzikoteko gazteena izateak lotsa ematen zidan, zortzikoteko gehienek esperientzia gehiago dute, baina oso ona izan da euren tratua. Herriaren aurrean presentzia hori edukitzea erantzukizun handia da, baina familia bat bezalakoa izan gara eta besteekiko tratu bera jaso dut momentu guztietan.
Nola uztartu dituzu ikasketak Maratoiarekin? Zaila egin al zaizu?
Batxilergoa eta Maratoia bateratzea ez da erraza izan batzuetan. Momenturen batean agobiatu egin nintzen arren, aurrera egitea lortu dut. Tarteka oztopoak izan ditut eta iritsi naiz azterketaren batera erdia baino gutxiago ikasita, bezperan 5 orduko bilera egin ondoren. Batzuetan estutasuna sentitu arren, nahiko ondo antolatu ditut zereginak eta ez dut ezeren damurik.
Bestalde, Maratoia bukatu eta Euskaraldia iritsi da, hilaren 18tik abenduaren 2ra ilusioz, arduraz, gogoz eta emozioz ekingo diogun ariketa, hamabost egunez euskaraz arituz. Hemen, bi figura esanguratsuk hartuko dute protagonismoa: ahobiziek eta belarriprestek. Parte hartzeko eta zure txapa eskuratzeko izena ematea besterik ez da behar, baina 16 urte baino gehiago izan behar dira. Horregatik, guk ere, Oriarte institutuko euskera batzordeak, gure Euskaraldia antolatu nahi izan dugu ikastetxean. Horretarako, txapa diseinu propioak egin ditugu eta 16 urtez azpiko ikasleei parte hartzeko aukera eskaini diegu.
Honi buruz ere hitz egin dugu Maitanerekin, eta euskaraldiak bere inguruan zuen eraginaz eta bere ikuspegiaz honako galdera hauek egin dizkiogu.
Euskaraldira begira gogotsu al zaude? Izena eman duzu? Hala bada, zein rol hautatu duzu, eta zergatik?
Bai, nire ingurukoak eta ni gogotsu gaude, eta gehienok eman dugu izena. Ni ahobizi naiz, nire egunerokotasunean euskaraz mintzatzen naizelako, eta nire burua erronka hau betetzeko prest ikusten dut.
Zuretzat, zure inguruko lagun eta ikasleentzat lehenengo Euskaraldia izango da, animatu al dira?
Bai, eta gainera espero baino gehiago. Beraien artean gaztelaniaz mintzatzera ohituta dauden askok aurtengo Euskaraldian belarriprest izatea erabaki dute. Horrek asko pozten nau, izan ere, hori da helburu nagusia, ahalik eta belarriprest gehien lortzea.
Badakigu Lasarte-Oriako euskara erabileraren kale neurketak egin dituzula, eta hortaz, badakizu emaitzak ez direla oso altuak. Nola ikusten duzu euskararen egoera gazteen artean? Etorkizunik ba al dago?
Nire ustez bai, etorkizuna bai, baina zatika. Nire iritziz, gaur egungo euskararen erabilera, belaunaldika edo koadrilaka bereizten da, izan ere, belaunaldi guztietan ez da euskara berdin erabiltzen. Adibidez, ni baino helduagoek dezente erabiltzen zuten euskara, ia gehiengoak. Gure belaunandian, aldiz, kuadrilla bakarra gara euskaraz mintzatzen garenak, eta imajinatzen dut zuen artean ere antzekoa izango dela… Ez dauka orden jakinik, eta horregatik uste dut etorkizun ñimiño bat behintzat izango duela, baina egia da euskararen erabilera galtzen doala belaunaldiz belaunaldi, eta nire iritziz, gero eta gutxiago erabiltzen da.
Euskaraldiak euskararen erabilera handitu, hizkuntza ohiturak astindu… Helburu polita dela iruditzen zaigu, baina aldi berean zaila. Horrelako egitasmoak beharrezkoak iruditzen zaizkizu?
Bai, azken finean, egitasmo horiek euskara erabiltzera bultzatzen gaituzte, eta nik uste euskaraz egitera ohituta ez daudenen artean hizkuntza ohiturak aldatzeko balio dutela, pixka bat bada ere. Horregatik, horrelako ekimenak oso beharrezkoak ikusten ditut.