Gaur egungo euskal literaturaren inguruan zer ikuspuntu duzu?
Ni idazten hasi nintzenean euskal literaturarik ez zegoen, hainbat autore solte zeuden eta ez zegoen sistema literariorik. Orain, ostera, badago, idazle pila bat, eta denak, nire ustez, orokorrean, maila onekoak. Euskal literatura homologagarria da Europako beste hizkuntzetako literaturarekin. Azken 40 urte hauetako lana ikusten da.
Nik ikusten dut literaturak pixka bat esperimentala izan behar dela; hau da, hizkuntza estandarra gainditzeko espazioa da, erregistro berriak lortzeko. Iruditzen zait euskal literatura nahiko estankatuta dagoela: lortu genuen lengoaia literario estandar bat Bernardo Atxaga, Ramon Saizarbitoria, Anjel Lertxundi eta beste batzuekin batera, literatura kultu bat sortu genuen, lengoaia kultu bat; hala ere, nire ustez zertxobait estankatuta dago arrakasta horretan, ezta?
Orduan, edozein literatura dago beti barbaroen zain, Kavafis-ek badu poema bat oso polita dena, eta bertan azaltzen da Erromako inperioan daudela barbaroen zain, berrikuntzen zain edo dena delakoen zain, alegia. Horregatik pentsatzen dut euskal literaturak barbaroak behar dituela, eta azken hamarkadetako barbaroak, batez ere azkenengo hamarkadetan, izan dira emakumeak, esaterako, Miren Agur Meabe eta berak idatzitako Kristalezko begia.
Emakumeek aldatu dute literatura, berrikuntza ekarri dute zentzu askotan, bai edukian, baita hizkuntzan ere. Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala irakurri dut orain dela gutxi, adibidez. Aire berria ekarri dute emakumeek. Baina, horretaz gain, ikusten dut lenguaje kultista horren arrakastan estankatu egin dela pixka bat euskal literatura. Nik espero dut barbaro gehiago etortzea, esate baterako, emigranteak; izan ere, Euskal Herriko biztanleriaren zati handi bat emigranteena da eta, hala ere, idatzi denean emigranteen iluspegitik, Riomundo edo Miñan liburuetan, adibidez, idazten da euskara oso kultista batean, eta nire ustez, kontraesan apur bat dago horretan. Espero dut emigranteek beste lengoaia bat txertatzea euskal literaturan.
Literaturarekiko interes hori betidanik izan duzu edo gertaera jakin batekin lotuta sortu zitzaizun?
Ni idazten hasi nintzenean inork ez zuen euskaraz idazten. Nik euskara galduta edo erdi galduta neukan eta, Franco hil zen urtean, gau eskolan sartu nintzen. Erdi klandestinoak ziren, ez ziren legalak, eta gauez joaten zen jendea alfabetatzera, idaztera. Behin idazten ikasi, eta maisuak eskatu zidan; izan ere, berak Argia-n idazten zuen berriemaile moduan, eta galdetu zidan ea bere lan hori egin nezakeen. Era horretan hasi nintzen kronikak idazten.
Gero, unibertsitatera sartu nintzen urtean, 18 urterekin, Ruper Ordorikak deitu zidan Pott deitzen zen talde bat sortzeko. Egun batean esan zidan ea nahi nuen joan, Bernardok [Atxagak] esan ziola nirekin hitz egiteko eta hara joan nintzen. Orduan, 70. hamarkadaren amaieran, fanzine bat ateratzen genuen. Ordura arte debekatuta zeuden aldizkariak hasi ziren.
Abangoardia literarioari buruzko fanzineak ziren, kontrakultura moduko zerbait egin nahi genuen aldizkari horretan. Orduan argitaratu zen Etiopia, Atxagaren liburua; nire ustez, euskal literaturan oso inportantea den poesia liburua. Lengoaia aldatu zuen.
Zuek jakitun zineten ari zinetela euskal korronte literario berria sortzen?
Ez, gauzak gertatzen diren momentuan ez dira batere garrantzitsuak, eta egiten da lagunarteko gauza bat bezala. Nik alde egin eta gero, egon nintzen hamabost urte ezer jakin gabe eta, norbait ikusten hasi nintzenean, mutil bat etorri zen eta esan zidan batxilergoan nire liburua irakurri behar zutela derrigortuta. Barkamena eskatzeko zorian egon nintzen; izan ere, niretzat gauza oso arraroa zen. Oso bazterreko euskara ezagutu nuen eskoletan. Eskolan irakurtzen genituen liburuak ziren Jose Maria Peman-enak eta horrelakoak, autore oso español eskuindarrenak. Nire liburuak eskolan! Zer lotsa ematen zidan.
Oriarten, bigarren mailan, Kolosala izango da irakurtzen dugu aspalditik... Hitz batean, nola deskribatuko zenuke zure burua?
Ez dakit, esango nuke erdi naufrago.
Euskal Herrian geldituko zara?
Bai.
Hurrengo liburua argitaratzeko datarik baduzu?
Bai, maiatzerako daukat bat aurreikusita.
Beste galdera batzuk egingo dizkizugu orain, erantzun motzekoak.
Nik ez dakit laburtzen.
Bi gauzen artean aukeratu beharko duzu. E-book ala papera?
Papera. E-book bat nik ez dut inoiz erabili, ez daukat. Kuba, medio aldetik, atzeratuago dago.
Tapa gogorra ala biguina liburuetan? Zer nahiago duzu?
Berdin zait.
Poesia ala prosa?
Ez zait inporta... Poesia asko gustatzen zait, baina poesia liburu oso gutxi gustatzen zaizkit. Ehun badaude, batekin soilik konektatzen dut, eta prosari dagokionez, irakurgarriagoa da, ehunetik 40 bat gustatzen zaizkit.
Mendia ala hondartza?
Biak gustatzen zaizkit, gaztetan mendira gehiago joaten nintzen, baina Kuban ohitura galdu nuen, han ez delako halakorik: mendiak badaude, baina inori ez zaio burutik pasatzen igotzea.
Anbotora igo zara?
Bai, baina aspaldi. Bueltatu nintzenetik ez naiz igo.
Euskal Herria ala Kuba?
Hemen gelditu behar dut, ama daukadalako. Batez ere, berarengatik.
Irakurtzerako orduan, orriak eustekoa erabiltzen duzu?
Ez, nik txakur belarriak egiten ditut.
Zer nahiago duzu, uda ala negua?
Uda ala negua, nongoa? Hemengo uda eta Kubako negua.
Eta bukatzeko, eguna ala gaua?
Zertarako? Eguna.