Bost urte bete dira jada Oriarte BHIk Zinema (h)abian proiektuarekin bat egin zuenetik eta ordutik bost film egin ditugu Oriarten beste hainbeste ikasturtetan.
Aurtengo filmaren estreinaldia Bartzelonako Filmoteca Catalanan izan zen ekainaren 1ean, Zinema (h)abian/Cinema en curs proiektuan parte hartzen duten beste ikastetxeekin batera eta pandemiagatik bi urtez etendako ekintza berreskuratuz. Harantz joan ziren ikasleak eta irakasleak, eta profesionalek bezala, filma aurkeztu zuten eta egindako galderei erantzun.
Ondoren, hona ekartzeko txanda izan zen, eta hilaren 7an saio bikoitza egin zuten, Donostiako Tabakaleran goizean, Bartzelonatik etorritako Moises Broggi institutuko ikasleekin batera, eta, arratsaldean, berriz, Lasarte-Oriako Antonio Mercero gunean, etxekoen aurrean.
Harro daude ikasleak bere lanarekin, eta pozik proiektua bukatuta ikustearekin (eta Bartzelonan eta herrian egindako harrerarekin), baina bidea ez da samurra izan eta emaitza egindako lan gogorraren ondorioa dela gogoratu nahi digute.
Proiektu hori eskolako ohiko jardunetatik ateratzen den ekimena da, eta aukera ematen die ikasleei zinema mundua barru barrutik ezagutzeko eta era berean zinemagile bihurtzeko, ekipo profesionak erabiliz eta zinemagile baten aholkua eta laguntza jasoz. Bartzelonako A Bao a Qu elkartearen eskutik, nazioarteko ekimena da Cinema en curs, eta ikasleen eta zinemagileen arteko elkarlanaren bidez gizarte baloreak eta ekimenak bultzatzeko helburua du, zinema hezkuntza tresna bihurtuz.
Ikasketa prozesu berezia
Ikasketa prozesua ere nahiko berezia da, organikoa, gidoirik eta ohiko storyboard-ik egiten ikasi gabe . Zinemagile ospetsuen obrak eta zatiak ikusiz eta komentatuz enkuadre, argi eta soinuaren munduan murgiltzen dira ikasleak eta beraien lanak egiteari ekiten diote. Hasieran, norberaren mugikorrekin filmatzen dute eta, ondoren, ekipo profesionalekin. Ekipo horiek Elias Querejeta Zinema eskolari esker erabil ditzakegu.
Filmaren gaia edo nondik norakoa ikasturte erdialdean erabakitzen dute ikasleek hainbat aukeren artean, eta hortik aurrera dokumentazio eta bilaketa lan bat hasten dute, ereduak ikusiz eta aztertuz, denbora lerro bat antolatuz eta dena ondo josiz, kontakizuna behar den bezala lotu arte. Den-dena taldelanean egiten da eta erabakiak ere guztien artean adostuta hartzen dira.
Guztia prest, maiatz hasieran filmaziori ekiten zaio, aste oso batean, goizetik iluntzera. Ostean, edizioa. Muntaketa ere denen artean egin dute, elkarlanean…Ahotsak ere eurek grabatzen dituzte. Oso egun “intentsoak” izaten dira, eta neka-neka eginda bukatzen dute ikasleek, baina poz-pozik era berean, ezarritako helburura iritsi direlako.
Egindako lana erakustea besterik ez zaie gelditzen, orduan, eta, benetako zinemagileek bezala, irrikitan egoten dira ikusleei zer iruditu zaien jakiteko. Oraindik ez baduzue ikusi, laster izango duzue aukera, Cinemaencurs.org eta Vimeo plataformetan ikusi ahal izateko, eta, baita ere, Okendo Zinema Elkarteak urtero antolatzen dituen udako zinema saioetan, elkartearekin aurten hasitako lankidetzaren barruan. Ea gustuko duzuen!