Gogoeta hori Juan Navarro Semblante Andaluzeko presidenteak egin zuen ostiral iluntzean. Prestatutako ekimen sortaz gozatzera deitu zituen bertaratu zirenak, eta bereziki, igandeko hitzaldira etor zitezen gonbidatu zituen. Eszenariotik jaitsi eta karparen beste aldera joan zen zuzenean, han zain baitzituen Agustin Valdivia alkatea eta beste zenbait zinegotzi ohorezko topa egiteko. Bakoitzak nahi zuenarekin bete edalontziak elkartu zituzten mahai gainean jarritakoei heldu aurretik. Karpa eta barra ingurua betetzen joan zen pixkana pixkana Louh talde lasarteoriatarraren kontzertua entzuteko.
Larunbatean jolasa izan zen nagusi. Eguerdian helduen bote eta toka txapelketa egin zuten, arratsaldean, berriz, haurrena. Trebe jokatu zuten batzuek, burdinaren kontra jo zuten fitxa behin baino gehiagotan, baina onenek bakarrik jaso zituzten gozokiak opari. Punteria probatzen aritu zirenen ondoan edo beraien txandaren zain zeudela, zoruan jarritako paperen gainean ibili ziren haurrak oina edo eskua (marrazkiaren arabera) jarrita. Mahaietan, berriz, marrazkiak margotzeko aukera izan zuten baita elkarteko neska gazteek, euren aurpegia edo besoa mihise bilakatuta, aukeratutako irudia bertan margotzekoa ere. Eta nola ez, bozgorailuko musikak dantzarako bide ere eman zien.
Horretarako abagune berri bat izan zen iluntzean, Tabita y son de flamencok jotako doinuei jarraituta. Argiekin arazo bat izan zuten eta ia hiru ordu laurden geroago hasi zuten saioa. Giroa berotzea ez zitzaien asko kostatu, laster ekin baitzioten oinak eta besoak mugitzeari zenbait bikotek. Lotsagatik animatu ez zirenek edo nahikoa egin ez zutenek, ondorengo dantzaldia izan zuten nekatu arte aritzeko.
Aipatu hitzaldiaren txanda izan da igande goizean. Julian Sagardia, Jesus Mari Egizabal eta Txema Valles igo dira eszenariora eta bertan jarritako mahaitik hitz egin diete bertaratutakoei. Vallesek argitu duenez, berari egin zion Navarrok proposamena, baina egokiago iruditu zitzaion Sagardia eta Egizabal arduratzea azalpenez. Hiruen artean aritu dira garai bateko Lasarte-Oriari buruz, herriaren eraldaketa argazkien bidez erakusten zuten hiru bideo proiektatu ondoren. Entzuleen artean zegoen Mikel Etxarrik ere hartu du hitza, Lasarte-Oriak puntako kirolarekin duen lotura gogoratzeko. Sagardiak pasadizo pare bat kontatu dizkio bueltan. Hipodromoan 1922an sari handi bat jokatu zen 550.000 pezetako saria zuena, eta herriko auto zirkuituan egindako lasterketa batean 13 zenbakia zuen autoak istripua izan, eta gidaria hil egin zen. Ordutik, auto lasterketetan zenbaki hori duen kotxerik ez da. Hizlariek herriko historia bildu, gorde eta ezagutarazteko lana eskatu diete agintariei. Jarraian, Duende taldeko neskatoek sevillanak dantzatu dituzte, karparen beste aldean gero egin duten bazkarirako paella prestatzen ari ziren bitartean. Arratsaldean, nahi izan duenak unba flamenkoa dantzatzen ikasteko parada ere izan Amaia Gonzalez Caballeroren eskutik, musika eta dantzaldi irekiaren aurretik.
Asteburua bukatu bada ere, Aste Kulturala ez da amaitu. Asteartean eta asteazkenean oraindik ere izango da zer egin Okendoko karpa barruan.