Euskal Herrira bidean dira

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mar. 10a, 11:21

Asteartean abiatu ziren Yon Pavon eta Borja Coca Lasarte-Oriatik Polonia eta Ukraina arteko Medyka izeneko mugara. Familia ukrainarrak Euskal Herrira ekartzeko helburuarekin egin dute bidaia.

Errepidean 24 ordu baino gehiago egin ostean, atzo gauen iritsi ziren. Ez, ordea, aurreikusitako lekura, Krakoviara (Polonia hegoaldeko hiria) baizik. Pavonek eta Cocak TXINTXARRI-ri azaldu diotenez, bi herrialdeen arteko mugak Ukrainatik irten nahi duten pertsonez gainezka daude, eta egoera hori arindu asmoz bideratzen ari dira familiak Krakoviara. Euskal Herrira bidean dira dagoeneko. Bi familia dakartzate, tartean bost haur, eta Euskal Herrian bizi diren euren senideek hartuko dituztela jakinarazi dute Pavon eta Cocak.

Egoera "oso gordina" bada ere, asebeteta sumatu ditu kazetariak telefonoz eurekin hitz egin duenean: "Oso gogorra da bizitzen ari direna eta asko dago egiteko. Ahal genuen neurrian laguntzera joan ginen, eta hori, gutxienez, lortu dugu".