Ukrainako gerrako biktimak laguntzen ari diren herritarrek boluntario gehiago behar dituzte

Iñigo Gonzalez Sarobe 2022ko mar. 8a, 15:41

Iryna Bondar eta Alexey Nikitin dira Lasarte-Orian bizi diren ukrainar jatorriko herritarretako bi. "Oso arduratuta" daude haien jaioterrian gertatzen ari direnarekin, eta buru-belarri ari dira lanean, Errusiaren aurkako gerrako biktimei laguntza humanitarioa bidaltzeko sarea koordinatzen. Bizilagunen laguntza eskatu dute, eta boluntarioak, "gainezka eginda" baitaude. Espero dute gatazka "lehenbailehen" amaitzea. Lasarte-Oriako Udalak "babesa eta elkartasuna" adierazi die: iragarri du pisu bat prestatuko dutela errefuxiatuak jasotzeko, eta elkarretaratzea egingo duela bihar, 12:00etan, Okendo plazan.

"Lehen aldiz ari gara horrelako zerbait bizitzen, eta lehenbailehen amaitzea nahi dut; hau ez diot inori opa". Iryna Bondar-en hitzak dira. Ukrainakoa da bera, eta duela 17 urtetik bizi da Lasarte-Orian. Bera ari da herriko laguntza sarea koordinatzen, Alexey Nikitin herrikidearekin batera. "Gure familiak Luhansk errepublikakoak dira, Sievierodonetsk hirikoak; etengabe ari gara mugikorrei begira, nola dauden jakiteko, gau eta egun". Milaka kilometrora egonda ere, ahal duten guztia egiten ari dira bertara laguntza humanitarioa bidaltzeko, eta sare bat ehundu dute, zenbait lasarteoriatarrekin elkarlanean. Edonola ere, ez dira aski, eta boluntario gehiago behar dituztela nabarmendu dute: "Zuen laguntza behar dugu". Interesa dutenak Ludotekara (Ola kalea 1, behea) bertara daitezke, 10:00etatik 20:00etara.

Behar duten materiala

Nikitinek adierazi duenez, "oinarrizko produktuak" behar dituzte beste ezeren gainetik: "Elikagaiak, aurrez prestatutakoak badira hobe eta ez kristalezko potoetan; garbitasun pertsonalerako produktuak; eta medikamentuak, besteak beste". Zehaztu du arropa ez dutela behar, barruko arropa eta galtzerdiak salbu. "Herritarrei eskatzen diegu egoera onean ekar ditzatela, ez baitaukagu aukerarik jantzi horiek guztiak garbitzen hasteko". Horrez gain, mantak eta lo zakuak ere jasotzen ari dira. "Hori da premiazkoena, eta Ukrainara bidaliko duguna; gainerakoak hemen gordeko ditugu, etortzen diren errefuxiatuek erabil ditzaten". 

Bordanek elikagaien beharra azpimarratu du: "Eskertuko genuke aurrez prestatutakoak izatea, baina ez kristalezko potoetakoak, ezin baititugu horrelakoak bidali. Horiez gain, azkar kontsumitzeko modukoak direnak ere bai: adibidez, atuna edo barra energetikoak". Haien familiek argazkiak bidaltzen dizkietela esan dute, eta oso gogorra egiten zaiela haien egunerokoaren berri izatea: "Esaten digute ez dutela janaririk". 

Erakundeen laguntza

Boluntario sarearen arduradunak eskerrak eman dizkie Lasarte-Oriako dendariei, udalari, norbanakoei eta baita Urbil merkatalguneari ere. "Gainezka gabiltza, kolapsatuta erabat; ez gaude ohituta horrelako ezer koordinatzera, eta laguntza behar dugu, ahal den guztia eta gehiago". Norabide horretan, herriko alkate Agustin Valdiviak jakinarazi du udalak pisu bat prestatuko duela errefuxiatuak jasotzeko, eta erakunde eskudunen kargu utziko duela, erabil dezan. Horrez gain, 5.000 euro emango dizkio Gurutze Gorria erakundeari, ukrainarrak lagun ditzan, eta, halaber, babes eta elkartasun keinu gisa, elkarretaratzera deitu du bihar eguerdian, 12:00etan, Okendo plazan. 

Udaleko Gizarte Zerbitzuetako buru Lourdes Acevedok azpimarratu du sail hori "prest" dagoela Ukrainatik herrira etortzen den edonori laguntzeko. "Norbaitek egoera horretan dagoen pertsonaren berri badu, jo dezala guregana; laguntzeko gaude, hori egiten dute herriek". 

"Dena merezi duzue"

Boluntario lanak egiten ari den herritarretako bat da Ramon Ormazabal. "Iryna eta Alexey sekulako lana egiten ari dira, primeran antolatu dute dena, orain guri dagokigu ahal dugun guztian laguntzea; dena merezi duzue". Herritarrak deitu ditu biharko elkartasun ekintzan parte hartzera.