Euskal Herri osoa zeharkatuko duen euskararen aldeko lasterketa hasteko bi hilabete eskas besterik falta ez direnean, ibilbide zehatzaren berri eman du AEK-k gaur goizean. 22. Korrika Arabatik abiatuko da, aurreko aldia amaitu zen herrialdetik, eta zehazki, Amurriotik. Lekukoa hartu, eta 16:30ean hasiko dira kilometroak egiten. 11 egun geroago, Donostiara iritsiko da lekukoa, 2.180 kilometroz lasterka egin eta gero. Hiriburu horretan bukatuko da aurtengo aldia.
Lasarte-Oriara bi egun lehenago iritsiko da lekukoa, Usurbildik. Iratzargailua jarri beharko du batek baino gehiagok, goizean goiz igaroko baita Korrika gure herritik, 07:11 inguruan hasita. Kale eta auzo guztiak zeharkatu ostean, Urnietarantz joango da.
Kilometroak, otsailaren 1etik aurrera
AEK-k jakinarazi duenez, eragileek otsailaren 1etik aurrera erreserbatu ahalko dituzte kilometroak. Horretarako, herrian herriko AEK euskaltegi edo Korrika bulegoetara joan beharko dute. Bestalde, ohartarazi du ibilbidearen xehetasun guztiak eta euskararen aldeko jarduera horren unean uneko egoera sakelako telefonoetan kontsulta daitekeela, Android zein IOS sistema eragileetan.