Korrika antolatzeko batzordea osatzen ari da, eta jarri da herriko eragileekin harremanetan. "Urtarrilean hasiko gara buru-belarri lanean". Elkarteei ez ezik, AEK-k herritarrei eman nahi die aukera prestaketa lanekin bat egin eta euren aletxoa jartzeko. Baten batek interesa balu, Geltoki kaleko 17. zenbakiko bulegora joan edo 943-37 28 63 telefonora deitu behar du.
Laguntza ematera bakarrik ez, herritarrak bertara daitezke euskaltegira datorren urteko Korrikako materiala erostera ere. Katalogoko kamiseta, jertse eta zenbait bisera jarri dituzte ikusgai. Edonola ere, denda digitaleko (www.denda.korrika.eus) produktu guztiekin eskuorri bat egin dute, bezeroren batek erakusgai ez dagoen zerbait erosi nahiko balu. "Etor daitezela lasai herritarrak, behar duten guztian lagunduko ditugu". Horrez gain, aurreratu dute postu bat jartzeko asmotan dabiltzala, hilaren 23an. Tokia zehazteke dute oraindik, baina, ziurrenik, Okendo plaza izango da.
Abestia eta bideoklipa
Ostegunean estrenatu dute 22. Korrikaren abesti ofiziala: Hitzekin. Nerea Urbizuk musikatu du, eta Sustrai Colinak jarri dizkio hitzak. Ane Garcia, Anari eta Nerea Urbizu izan dira abeslariak.
Korrikaren antolatzaile AEK-k nabarmendu duenez, hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. "Euskarak aurrera egin nahi badu, euskaldun proaktiboak behar ditu, konbentzimendutik ekintzara, praktiraka, jauzi egingo dutenak". 22. Korrikaren leloa bi kontzeptu horien arteko hitz jolasa izango da: Hitzekin. "Hitzetik ekintzetara salto, hitz egin eta ekin; 22. tantoa egiteko unea da".
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omenduko ditu AEK-k 22. edizioan, "34 urteko ibilbidea [Lasarte-Orian sortu ziren, 1987an] egin dutelako euskararen munduan, eta are garrantzitsuago, euskaraz". "Haiek transmisioa goitik behera eta behetik gora landu dute; haiei esker askok ekin diogu, eta datozen belaunaldiek ere ekingo diote".