Martxoaren 31tik apirilaren 10era Euskal Herri osoan zehar euskararen alde korrika egingo dute milaka lagunek. Korrikaren 22. aldia izango da, eta antolatzaileak hasi dira motorrak berotzen. AEK-k Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omendu ditu, 34 urtetako (1987ko abenduaren 22an egin zuten lehen ikuskizuna, Lasarte-Orian) ibilbide arrakastatsuagatik eta hasiera-hasieratik euskara han eta hemen zabaltzeagatik. Tolosan egin diete aitortza, Gure Zirkuaren denboraldiko azken emanaldian. Pailazoek parte hartu dute horretan, eta Kuikui lan berriaren lagin bat eman. Hiru protagonistak ez ezik, azken urteetan laguntzaile izan dituzten taldekide eta kolaboratzaileak ere igo dira oholtzara.
Korrikaren koordinatzaile Asier Amondok pailazoen ibilbidea goraipatu du: "Zuzeneko eragina izan dute ume eta guraso askok euskararen hautua egin dezaten. Transmisioa goitik behera eta behetik gora landu dute: hitzekin, euskarari ekin zioten duela 34 urte, eta eutsi egin diote". Pirritx, Porrotx eta Marimototsek oroigarri bana jaso dute 22. Korrikaren izenean.