Euskal Herri osoa zeharkatuko duen euskararen aldeko ekimenaren zenbait xehetasunen berri eman du AEK-k aste honetan. 2022ko udaberrian egingo den jarduera Amurrion (Araba) hasiko da, martxoaren 31n, eta 11 egun geroago iritsiko da Donostiara, Gipuzkoako hiriburura. Tartean, 2.500 kilometroko ibilbidea egingo dute milaka pertsonak, bakoitzak bere hondar aletxoa jarrita.
AEK-k nabarmendu duenez, hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. "Euskarak aurrera egin nahi badu, euskaldun proaktiboak behar ditu, konbentzimendutik ekintzara, praktiraka, jauzi egingo dutenak". 22. Korrikaren leloa bi kontzeptu horien arteko hitz jolasa izango da: Hitzekin. "Hitzetik ekintzetara salto, hitz egin eta ekin; 22. tantoa egiteko unea da".
Oraindik ez dute zehaztu herri bakoitzetik zein egun eta ordutan igaroko den lasterketa.
Pirritx, Porrotx eta Marimotots
Hiru pailazo horiek omenduko ditu AEK-k, "34 urteko ibilbidea [Lasarte-Orian sortu ziren, 1987an] egin dutelako euskararen munduan, eta are garrantzitsuago, euskaraz". "Haiek transmisioa goitik behera eta behetik gora landu dute; haiei esker askok ekin diogu, eta datozen belaunaldiek ere ekingo diote".