Erabakitzeko nahia ureztatu dute

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 21a, 18:35

Erreferendumaren aldeko makina bat sinadura bildu ditu herriko Hamaika Gara taldeak gaur eguerdian, kultur etxean. Atxikimenduak bildu aurretik, ekitaldi kulturala egin du, orain arteko bidea errepasatu, eta etorkizuneko erronkak identifikatu.

Julen Basterra gitarra jotzaileak eta Nikola Iraola ballet dantzariak ireki dute ikuskizuna. Ondoren, Rebeka Garzes eta Bea Egizabal aurkezleek hartu dute hitza, eta testuinguruan jarri dituzte ikus-entzuleak, umore ukitu batekin. Gure Esku dinamikak 2014tik hona egin duten ibilbidea errepasatu dute, Hamaika Gara taldea osatzen duten eragileak taula gainera igotzera gonbidatu dituzte, eta auzi garrantzitsuagoez erabakitzeko eguna etortzen denerako, lasarteoriatarrekin entrenatu dute. Txartel gorriak eta berdeak zituen bakoitzak eserlekuan, eta, baiezkoaren edo ezezkoarekin, bata edo bestea altxatu behar zuen. Hona hemen galdera bat: zentral hidroelektrikoa Lasarte-Orian, ala hidrogela fabrikatzeko lantegia? Ikuskizunak aurrera egin ahala, aurkezleek oholtzaren iskinetako batean zegoen lursaila ureztatu dute, landarea loratu den arte.

Hori bera egin nahi du Hamaika Gara taldeak: erabakitzeko nahia loratu, herritarrek senti dezaten berebizikoa dela horretarako eskubidea izatea, eta erreferendumaren alde sina dezaten. Kultur etxetik irtetean jaso dituzte dozena batzuk, eta horretan segiko dute, abenduaren 12ra arte. Atxikimendua eman ez duten herritarrek egun eta gune hauetan izango dute horretarako aukera:

  • Hilaren 25ean eta 26an, 18:00etatik 20:00etara, Okendo plazan.
  • Hilaren 27an, 12:00etatik 14:00etara, eta 18:00etatik 20:00etara, Okendo plazan.
  • Hilaren 28an, 12:00etatik 14:00etara, Okendo plazan.

Euskal Herri osoan barrena ari dira sinadurak biltzen. Horiekin, Gure Esku-k eskaera eskubidea egingo dio Eusko Legebiltzarrari, erabakitzeko eskubidea arautu dezaten.