Erabakitzeko eskubideaz gogoeta egin dute

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 4a, 13:00

Inoiz baino gehiago, Gure Esku hitzaldia eman du Mario Zubiaga irakasle, politologo eta Gure Esku dinamikako zuzendaritza kontseiluko kideak. Erreferendumaren aldeko sinadura bilketa Lasarte-Orian hauspotzeko jardueretako bat izan da; dozenaka herritar bertaratu dira.

Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarron garaia da. Horiek dira, sortu zenetik, Gure Esku dinamikak lau haizetara zabaldu dituen leloak, eta COVID-19aren pandemiak eragindako osasun larrialdia atzean geratu denean berrartu dituenak. Lelo horiek esan nahi dutenaren "izpiritua berpizteko unea" dela iritzia, Mario Zubiaga irakasle, politologo eta Gure Eskuko zuzendaritza kontseiluko kideak nabarmendu du lelo horiek "pil-pilean" daudela, "indar betean", eta "inoiz baino gehiago" heldu behar zaiela. Ez alferrik, Oriarte institutuko Larrekoetxe eraikinean eman duen hitzaldiaren izenburua Inoiz baino gehiago, Gure Esku izan da. Herri egitasmo hori gaur-gaurkoz non kokatzen den azaldu die ikus-entzuleei, eta erabakitzeko eskubidearen aldarrikapenak Euskal Herrian eta nazioartean  zer indar duten eta zeintzuk aukera sor ditzakeen aztertu –Eskozia eta Katalunia izan ditu hizpide batez ere–.

"Erabakitzeko eskubidea lege bihurtzea da jokoan dagoena", azpimarratu du Zubiagak. Zentzu horretan, "bidea eta borroka luzeak" izango direla adierazi du. "Helburu nagusia erreferendum adostu bat egitea da, horregatik izan ditugu kontuan erakundeak eta alderdiak, nahiz eta horien gehiegizko gidaritza ez den ona". Herri mugimenduek prozesu horren ardatz garrantzitsua izan behar dutela iritzita, Gure Eskuren erronketako bat euskal gizartea berraktibatzea izango da. Norabide horretan, abendura bitartean erreferendumaren aldeko atxikimenduak bilduko ditu, herriz herri. Ondoren, Eusko Legebiltzarrari eskaera eskubide bat egingo dio, sinadura guztiak aurkeztuta, erabakitzeko eskubidea "era garbi batean" arautu dezaten. Epe ertainean, 2022ko uztailean, Euskal Herria eta Kataluniaren artean jarduera sinbolikoa egingo dute: Pirinioetako Bidea. 

Ekitaldi nagusia, kultur etxean

Lasarte-Oriako Hamaika Gara taldeak ekitaldi batzuk antolatu ditu erreferendumaren aldeko sinadura bilketa hauspotzeko. Zubiagaren solasaldia izan da horietako bat. Atxikimenduak jasotzeko ekitaldi nagusia hilaren 21ean egingo dute, igandearekin, kultur etxean, 12:00etan.