Mario Zubiaga: "Eskubide bat lege bihurtzea da hemen jokoan dagoena"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2021ko urr. 29a, 10:00

Lasarte-Oriako Hamaika Gara taldeak antolatu dituen ekitaldietako bat da Mario Zubiaga irakasle, politologo eta Gure Esku dinamikako zuzendaritza kontseiluko kideak (Tolosa, 1963) azaroaren 3an emango duen hitzaldia, Oriarte Larrekoetxe institutuan, 19:00etan.

Lasarte-Oriara etorriko zara azaroaren 3an, Inoiz baino gehiago, Gure Esku hitzaldia ematera. Zeri buruz solastuko zara herritarrekin?

Pandemiaren osteko Gure Esku non eta nola kokatu behar den; hori izango da ardatzetako bat. Gertaera historiko bat bizitzen ari gara, osasun larrialdia gainditu dugu baina soziala, ekonomikoa, politikoa...oraindik ez. Non dago herria, eta non Gure Esku? Hori aztertuko dugu, hasieratik aldarrikatu ditugun hiru leloetatik abiatuta: herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarron garaia da. Inoiz baino garrantzitsuagoak dira horiek.

Herritarrentzat ere inoiz baino garrantzitsuagoa da erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea? Pandemiak eragin du horretan? 

Izurritearen une larrienetan batez ere, biziraupena egon da jokoan, eta hori izan da lehentasuna, argi dago. Edonola ere, horrek erabaki asko dakartza: sozialak, politikoak, ekonomikoak... Bertan kokatzen da erabakitzeko eskubidearen beharra. Izan ere, Espainiako botere judizialaren pean dagoen epaile batek erabaki dezake Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) nola kudeatu behar dugun pandemia eta nola ez? Gisa horretako erabakiak ez daude Euskal Herriaren esku, eta ez daude euskal herritarren esku.

Hamaika Gara egitasmoa izan daiteke herritar eta kolektibo ugarik duten erabakitzeko nahiaren erakusgarri. 

Hor islatzen da subjektu desberdinek duten erabakitzeko nahi hori. Gure Eskuk hau aportatzen dio: zentraltasuna ematea alor politikoari. Gai ugariri buruz erabaki dezakegu, baina gure erakundeetan lantzen dira, eta aske al dira hori egiteko? Burujabetza politikoa guk daukagu? Eragile bakoitzak garrantzi berezia emango dio gertuen sentitzen duen gaiari, eta Gure Eskuk ardaztu egiten du nahi hori: erakundeek burujabeak izan behar dute, hamaika gairi buruz erabakiak hartu ahal izateko gero.

Berriki egin duzue Gure Eskuren asanblada orokorra. Bide orria zehaztu duzue?

Kontziente gara orain arte gauza asko lortu ditugula, baina bidea dugula oraindik egiteke. Eskubide bat lege bilakatzea da hemen jokoan dagoena, eta horretara iristea ez da inoiz erraza izaten. Lehen urratsa gaia agenda publikoan kokatzea izaten da, eta hori gauzatu dugu. Agenda publikoan, eta instituzionalean, EAEko estatutu berriaren eztabaidaren korapiloa erabakitzeko eskubidea baita. Afera hori ez dago itxita oraindik, eta norabide horretan, sinadura bilketa martxan jarriko dugu. Ondoren, eskaera bat egingo diogu EAEko legebiltzarrari: 'Paperak mahai gainean dituzue; orain, jar zaitezte ados erabakitzeko eskubidea era garbi batean arautzeko'. Bestalde, 2022ko udan Pirinio mendiak argiztatuko ditugu bi aldeetatik, Euskal Herritik eta Kataluniatik. Datorren urteko ekimen esanguratsuena izango da hori. Horri lotuta, erreferendumaren gaiarekin leihatilak ireki daitezke Katalunian bertan eta Eskozian,  eta gure lana izango da gizartea aktibatzea, Euskal Herriak tren hori gal ez dezan.