Erreferendumaren aldeko manifestua sinatzea sustatzeko, ekitaldi sorta prestatu du Lasarte-Oriako Hamaika Gara taldeak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 27a, 12:00

Lasarte-Oriako hainbat eragile ari dira erreferendumaren aldeko sinadura bilketa sustatzen.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarri ozena egin dute herriko hainbat eragile eta norbanakok, Mirentxun. Hamaika Gara ekimenarekin bat egin, eta taldea sortu dute, erreferendumaren aldeko manifestua sinatzea hauspotzeko. Ekitaldi nagusia azaroaren 21ean egingo dute Manuel Lekuona Kultur Etxean, 12:00etan. Bi aste lehenago, 3an, Mario Zubiaga irakasle, politologo eta Gure Esku dinamikako kide gonbidatuko dute Oriarte Larrekoetxe institutura, 19:00etan.

Euskal Herrian erreferendum bidez erabakitzearen aldeko atxikimendu bilketa masiboa da Hamaika Gara egitasmoa. Iaz abiarazi zuten ekimena makina bat eragilek, Gure Esku tartean, erabakitzeko behar hori azaleratzeko eta galdeketa egiteko tresna prestatzea galdegiteko parlamentuei. Horretarako, herriz herri eskatzen ari dira erreferendumaren aldeko manifestua sinatzeko.

Lasarte-Oriako hainbat herritar eta eragilek bat egin dute eskaerarekin, eta sinadura bilketa sustatzeko taldea eratu dute. Horren harira, zenbait jarduera aurrera eramango dituzte datozen asteotan; Mirentxun elkartu dira, eta ekimenak aurkeztu dituzte. Datorren asteko asteazkenean egingo dute bat, azaroaren 3an: Mario Zubiaga irakasle, politologo eta Gure Esku-ko zuzendaritza kontseiluko kidea gonbidatuko dute Oriarte Larrekoetxe institutura. Inoiz baino gehiago, Gure Esku hitzaldia emango du, 19:00etan hasita.

Ekitaldi nagusia, azaroaren 21ean

Erreferendumaren aldeko sinadurak jasotzeko ekitaldi nagusia azaroaren 21ean egingo du Lasarte-Oriako Hamaika Gara taldeak, Manuel Lekuona Kultur Etxean, 12:00etan. Horren aurretik, mahaiak jarriko dituzte leku eta egun jakin batzuetan: Okendo plazan, Michelin lantegian eta futbol zelaian, herriko zenbait auzotan, Andatza plazako asteazkeneko azokan... "Martxan jarri nahi dugu 11 sinaduren erronka, hau da, norberak manifestua sinatzeaz gain, beste 11 lagun horretara gonbidatuko dituzten herritarrak aktibatu nahi ditugu". Taldearen ustez, zenbat eta atxikimendu gehiago jaso, orduan eta aukera gehiago alderdi politikoek eta parlamentuek herri galdeketa "benetan" gauzatzeko tresna prestatzeko.

Manifestua sinatzea "garrantzitsua" dela uste dute, arrazoi hauengatik: "Herritarrok lortzen dugulako alderdi politikoak eta parlamentuak mugitzea; Euskal Herri osoan eta herrietan hezkuntza, osasuna, kultura, hizkuntza eta beste edozein arlo nola kudeatu herritarrek erabaki nahi dugulako, beste inoren menpe egon gabe; eta 2023. urtean Euskal Herrian ere prest egon nahi dugulako beste hainbat herrialderekin batera erreferenduma egiteko". Gales, Irlanda eta Eskozia jarri dituzte adibidetzat, eta baita Katalunia ere. "2023rako ez badu fruiturik ematen Espainiar Estatuarekin abiatu duten elkarrizketa mahaiak, aldebakarreko bideari ekingo diotela zehaztu dute".

"Aurretik lortutakoari segida emateko"

Erabakitzeko eskubidearen alde egindako herri ekimen zenbait ekarri ditu gogora taldeak, 2014tik 2018ra arte gauzatutakoak: Durango eta Iruñea elkartu zituen giza-katea 2014an (Lasarte-Oriatik 800 pertsona joan ziren); herri kontsultak (herrian 2017ko maiatzean egin zuten, eta 2.303 pertsonak parte hartu); Hego Euskal Herriko estadioetako "betekadak"; eta Euskal Herria batu zuen giza-katea, 2018an.

"Ekimen horien arrakastak erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena agenda politikoan jarri zuten", azpimarratu du. "EAJ eta EH Bildu estatus berriaren oinarrietan ados jartzea ekarri zuen, baina hor geratu zuen, ez zuen segidarik izan". Taldeak zehaztu duenez, Hamaika Gara egitasmoa helburu horrekin jaio zen, "erdietsitako guztiari jarraipena emateko".