Utopia errealitate bihurtzeko bideaz gozatzen

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 20a, 09:00

Ttakun Kultur Elkartearen historian esanguratsuak izan diren zenbait pasarte jaso ditu TXINTXARRI aldizkariak, eragileak 30 urte bete dituen honetan.

Hiru hamarkadako ibilbidea artikulu bakar batean jasotzea ez da erronka makala. Are gehiago piezaren protagonista Ttakun Kultur Elkartea denean. 1991ko azaroaren 16an jaio zen, euskal kultura eta euskararen normalizazioa Lasarte-Orian errotzeko eta bultzatzeko asmoz. Hainbat euskaltzalek zuten horretarako nahia, eta hainbat urtez lanean ibili eta gero, elkartea sortu zuten. Geroago aztertuko dugu sakonago, baina 30 urteren buruan sekulako dimentsioa hartu du eragileak, sortzaileek imajina zezaketena baino handiagoa. Horregatik diogu ez dela erraza hori guztia orri batera ekartzea, baina merezi du ahaleginak, are gehiago esku artean duzun aldizkaria elkartearen egitasmo bat izanda.

Geltoki kaleko bulegoan artikulua idatzi, aldizkaria maketatu eta inprentara bidali dugu. Gaur egun, egunero-egunero Ttakunek dituen programak aurrera ateratzeko lan egiten dugun langileok kale horretan dugu egoitza, Jalgi kafe antzokiaren ondoan, baina ez da beti hala izan. Andrejoakinaenea haurren eskolako ganbaran egin zituen elkarteak lehen urratsak: urtebetez bildu ziren han, asteazkenero, eragile bat sortzea zela haien asmoa eta ilusioa. Gorpuztea lortu zutenean, Pablo Mutiozabal kalera mugitu ziren, harik eta Lasarte-Oriako Udalak Erribera kaleko lokala utzi zien arte. Sei urtez jo eta ke aritu ziren beharrean han, eta 1998an etorri ziren Geltoki kalera. Urte horretan bertan eskuratu zuen Jalgi kafe antzokia.

Horrez gain, Iñigo de Loiola kalean topagune bat du Ttakunek, Ttakunenea izenekoa. Euskaltzale direnentzako "arnasgune berri bat" izateko asmoz jaio zen 2016. urtean. Gaur egun, elkartearen beraren zenbait egitasmo han egiten dituzte eta elkarte gastronomikoa ere bada.

Hamaika egitasmo

Esan bezala, makina bat langilek aurrera eramaten dituzte Ttakunen programak. Zeintzuk diren egitasmoak? Bat aipatu dugu honezkero, txintxarri aldizkaria, 1993ko urrian sortua. Aurreneko proiektuetako bat izan zen. Hori baino lehen, udaleku irekiak eta euskal txokoak martxan zituen elkarteak. Gerora etorri dira beste mordo bat: haurren aisialdia jorratzeko, Amaraun Kluba eta Gazte Kluba; gazteena lantzeko, Kuadrillategi eta Faktoria; familian euskararen transmisioa bultzatzeko, GurasoLeku; ikastetxeetan hizkuntza lantzeko, Elemeleka; eta beste hainbat. Esparru formalagoetan ez ezik, kalean ere bultzatzen du Ttakunek euskal kultura eta euskararen normalizazioa, urtean zehar makina bat ekimen antolatzen baititu, urtaroz urtaro: Euskal Inauteriak; udaberriko bertso saioa; Azkorteko erromeria; Olentzero eta Mari Domingiren etorrera; San Tomas azoka; Santa Ana parodia; eta San Pedro Jaietako jarduerak, hala nola Sorgin Dantza, sagardo dastatzea eta zikiro afaria. 

Lasarte-Orian ez ezik, Gipuzkoako hainbat herritan esku hartzeak egiten ditu, eta muga lokalak aspaldi gainditu zituen Euskararen Maratoia ere antolatu izan du, Lasarte-Oriako Udalarekin elkarlanean, hirugarren alditik aurrera (1992). Azkena duela bost urte izan zen, 2016ko urrian, eta hor jarri zuten Euskaraldia eratzeko aletxoa, Baietz 40 egun euskaraz izeneko ariketaren bidez. Hilaren 16ko urteurren ekitaldian Mari Karmen Ormazabal lehendakariak azpimarratu legez, "gutxik dakite hazia Lasarte-Orian jarri zela".

Bidelagun ugari 

Esan dugu Ttakun ibilbide oparoa egiten ari dela. Horregatik, jaso ditu zenbait aitortza: 2000. urtean, Abbadia saria, eta 2015ean, Bikaintasun saria. Iragan urtean Ser irratiak Bikaintasun saria eman zion, Euskara kategorian.
Bide hori, jakina, ez du bakarrik egin: langile, laguntzaile, kolaboratzaile, bazkide (400 inguru ditu) eragile, erakunde, elkarte, ikastetxe, euskaltegi eta udalekin (Lasarte-Oriakoarekin, batez ere) elkarlanerako bideak josi ditu elkarteak. Horiei guztiei eskerrak emateko ekitaldi pare bat egin ditu berriki, 30. urteurrena ospatzeko egitarauaren barruan. Hilaren 20an jarraituko du, FESTtakun izeneko jaialdiarekin: pintxo potea, Sorgin Dantza eta kontzertua egingo ditu.

Egoera utopiko batean, euskara eta euskal kultura erabat normalizatuta baleude alegia, jarduna eten beharko luke Ttakunek. Lasarte-Orian ez da hori gertatzen, eta ez dirudi egoera berehalakoan aldatuko denik. Horregatik, urratsak egiten eta urteak betetzen jarraituko du elkarteak. Helmugara iritsi bitartean, jarrai dezagun bideaz gozatzen, guztiok elkarrekin.

Erlazionatuak

FESTtakun

Txintxarri Aldizkaria 2021 aza 19 Kultura