Aisia, euskara eta laguna hitzak datozkio burura Janire Arroyo Gradilla (Lasarte-Oria 1996) herritarrari Ttakun Kultur Elkartea-z galdetuta. Txokoetan eta udaleku itxietan parte hartu zuen haurra zela, eta Eskola Kirola egitasmoko begiralea izan da aurtengo ikasturtera arte. Berriki, gainera, kultur elkartearen 30.urteurrena iragartzeko ilustrazio ederra ere egin du.
Ttakunek berebiziko garrantzia izan du bere euskalduntze prozesuan. Azaldu du gurasoek hizkuntza jakin ez, baina betidanik nahi izan dutela alaba euskaraz haz zedin: "Nik euskara ikasi eta kalean, egunerokoan ahalik eta gehien erabiltzea nahi zuten, eta eskolaz kanpo, uste dut Ttakunek ahalbidetu didala aukera hori".
Gogoan du, haurra zela, esperientzia "on eta aberasgarri ugari" bizitu zituela Ttakunen udako aisia programetan, baina oroimenean freskoago ditu Eskola Kirolean aritutako azken urteetan bizitakoak eta horien gainean ere mintzatu da. Umeekin aritzea gustuko du, beti gauza berriak ikasteko aukera ematen diolako. Herriko haurrak ezagutzeaz gain, gainerako begiraleekin ere harremana egiteko aukera eskaini diola ere azpimarratu du: "Herrian elkar gurutzatu bai, baina bestela harremanduko ez ginatekeen jendea ezagutu dut". Programa horretako begirale aritu den urteetan "oso ondo" pasa duela gaineratu du: "Haurrekin kirola eginez, egunerokotik deskonektatzeko modu bat ere eskaini dit".
30 urte, irudi batean
Ttakunen 30. urteurreneko ilustrazioaren egilea ere bada Arroyo. Eta ez da kasualitatea lan hori berari eskatu izana; erabiltzaile eta langile izan den herritar batek egitea nahi baitzuen kultur elkarteak. Azaldu du sortze prozesua "motza, baina intentsua" izan dela, entregatze data gertu zegoela jaso zuelako herritarrak mandatua egiteko deia: "Ikasketekin eta lanarekin nahiko lanpetuta nenbilen, baina agenda antolatzea lortu nuen". Horrela, arkatza eta orri zuria ondoan hartuta hasi zen lehen ideiak papereratzen. Hortik, lehen marrazkiak sortuta, tableta grafiko baten laguntzaz digitalizatu ditu eta ordenagailuan amaitu du lana, guztiari forma emanez.
Duela 30 urte ekin zion Ttakunek bere ibilbideari, baina, garai hartan Arroyo ez zen oraindik jaio ere egin. Horregatik, elkartearekiko duen ikuspuntutik hezurmamitu du ilustrazioa: "Irudikatu dudana bat dator nik Ttakunekiko dudan irudiarekin. Aisiarekin, euskararekin eta ongi pasatzearekin erlazionatzen dut elkartea, eta hori irudikatzen saiatu naiz; uste dut ikus daitekeela adin ezberdinetako jendea, mugimenduan, pozik".
Leiho batean hasten da marrazkia, eta ikus daiteke kultur elkarteak herri bat eta bertako herritarrak nola ureztatzen dituen: "30 urte hauetan Lasarte-Oriako euskara, kultura eta asisiaren bultzatzaile izan da Ttakun". Eta, ziur, herritar ugarik identifikatu ahal izan dituela kultur elkarteak antolatzen dituen hainbat jarduera ere, agertzen baitira horietako batzuk, Arroyori txikitako oroitzapenetan murgilduta gogora etorri zaizkionak: "San Pedro Jaietan antolatzen duen Busti blai jarduerarekin lotu nahi izan dut, eta metafora polita iruditu zait, Ttakun Lasarte-Oriarentzat zer den irudikatzeko". Patxintxi sariei ere egin die keinu. Ilustrazioaren eskuin aldean eta behean ikus daitezke pertsonaia maitagarriak, txapela bana eskuetan hartuta: "Oso ekintza polita iruditzen zait eta ezin nuen kanpo utzi".